
Ate irekiak egin dituzte Zaraobe Institutuan, Amurrio Race-ren kart berritua aurkezteko. Talde horretako gazteek hainbat aste igaro dituzte ibilgailu elektrikoa hobetzen, eta Nafarroako Los Arcos zirkuitu profesionalean lehiatu ziren iragan apirilaren 28an, 14. postua lortuz 24 talderen artean. Ez da izan jaso duten lehen aitortza: iaz Torrelavegan lehiatu ziren, eta karrozeria onenaren saria lortu zuten bertan.
2023. urtean sortu zen Amurrio Race taldea, Amurrio Bideanek sustatuta. Ekimenak bokazio zientifiko-teknologikoak, artistikoak eta matematikoak sustatu nahi ditu 11-16 urte bitarteko gazteen artean, eta horretarako eskaintzen du asteroko tailerra.
Datorren ikasturtean ere ildo beretik jarraitzeko asmoa dute, kart-a hobetzen eta lehiakorragoa bihurtzen. Gauzak hala, Amurrioko gazte guztiei luzatu diete proiektura batzeko gonbita, “neskei bereziki”. Izan ere, aitortu dutenez, “txikia” izan ohi da emakumeek mota honetako proiektu teknologikoetan duten presentzia, “baina funtsezkoa”.