Jendez bete zen iragan ostegunean Amurrio Antzokia, Ezina ekinez egina dokumentalaren estrainaldian. Jose Miguel Llanok ekoiztu du 20 minutuko ikus-entzunezkoa, eta Amurrion sortutako izen bereko elkartearen jarduna du ardatz.
Aniztasun funtzionala duten pertsonei mendira igotzen laguntzen diete elkarte horretako kideek, horretarako berariaz diseinatutako tresnak baliatuta. Elkarteko hainbat kide igo ziren oholtzara osteguneko aurkezpenean, filmaren proiekzioaren aurretik zein ostean. Modu horretan, giro familiar zein hunkigarria sortu zen Antzokian.
Gai berari buruzko minutu bateko filma aurkeztu zuen Llanok UNEtxeak antolatutako "Dame1Minuto de Salud" lehiaketaren 2023ko edizioan, eta lehen postua lortu zuen bertan. Modu horretan lortu du zinemagile amurrioarrak 20 minutuko dokumentala ekoiztea.
Filmaren estreinaldi ofiziala datorren azaroan izango da, Bilboko Guggenheim museoan. Ostegunekoa, beraz, "salbuespenezko aurrestrainaldia" izan zen, Llanoren hitzetan, "UNEetxeakek horretarako baimena emanda".
Llano bera "hunkituta" atera zen aurkezpenetik. Bere hitzetan, orain arte ez du lana pantaila handian ikusterik izan, eta pozik dago emaitzarekin.
Izan ere, mendietan drone bidez grabatutako irudi ikusgarriak ditu dokumentalak. Hala ere, filmaren ardatza Amaurre Ikastetxeko klase batean gertatzen da.
Bertako ikasle-talde batek parte hartu zuen filmaren grabaketan, "balioetan oinarritutako hezkuntza" jorratzeko. Ezina Ekinez Egina elkarteko kideak agertzen dira klasean, ikasleen euren jardunaren berri ematen, eta azalpen horren inguruan hiru kontakizun ezberdin ardatzen ditu ikus-entzunezkoak. Bukatzeko, ikasleak eurak joatean dira txangoan elkarteko kideekin batera.