Aiara Fest jaialdiaren estreinako edizioa hartu zuen Amurriok asteburuan. Orain egun batzuk igarota, balorazio "oso positiboa" egin du Udalak, eta "bi egunez Amurrioko herria Aiaraldeko erreferente kultural" bilakatu dela baieztatu du. Jaialdiaren eremutik harago, herrian ere izandako eragina balioan jarri du tokiko erakundeak.
Azaldu dutenez, 9.000 pertsona inguruko publikoa izan zuen ekitaldiak, ostirala zein larunbata kontuan hartuta, eguneko 5.000 pertsonako aforoa baitzuen. Gainera, Euskal Herriko hainbat txokotako bisitariez gain, estatu espainiarreko leku ezberdinetako musikazaleak ere etorri ziren Amurriora, hala nola Andaluziakoak, Kanariar Uharteetakoak edota Gaztela eta Leongoak.
Jaialdiak Amurrio jende askoren ahotan egotea ekarri du, eta Udalarentzat horrek eragin du herriak "kulturari irekita dagoen, abegikorra den eta nortasun propioa duen helmuga gisa duen irudia indartzea".
Gainera, herrian bertan ere ehun ekonomiko eta soziala mugiarazi ditu, eta ostalaritzan, merkataritzan eta turismoan eragin nabarmena izan du, eta beraz, "onura zuzenak sortu ditu udalerriarentzat eta bertako biztanleentzat". Festibalaren belaunaldiarteko izaera nabarmendu nahi izan du baita ere tokiko erakundeak.
Antolatzaileek ere modu positiboan baloratu dute jaialdiaren lehenbiziko edizio hau. Jendearen harrera ona eta tokiko eragileekin egondako elkarlana azpimarratu nahi izan dute. Komunikabideek egindako lana ere jarri nahi izan dute balioan, festibala erreferente kultural gisa sendotzen eragina izan dutelakoan.
Gauzak hala, behin oinarri sendoak finkatuta jaialdiak hazten jarraituko duela adierazi dute, eta dagoeneko hurrengo edizioa prestatzeari ekin diotela aurreratu.