CCOO sindikatuak iragarri du Amurrioko postariek hiru greba egun egingo dituztela; ostegunean, ostiralean eta astelehenean. Mobilizazioarekin salatu nahi dute banaketako hiru lanpostutik, bi hutsik daudela. Horrek eragiten du gainerako postariek, landa eremukoek barne, lan zama hori euren gain hartu beharra.
Langile erakundeak ohartarazi duenez, zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du horren ondorioz eskualdeko gainerako herrietan, Aiaran bereziki.
CCOOk salatu du duela zenbait hilabete jarri zela harremanetan enpresa publikoarekin egoera bideratzeko eta ez duela inolako erantzunik jaso.
Alarma gorria udarako
Gauzak horrela, sindikatuak azpimarratu du udan baldintzak are gehiago okertu daitezkela, oporrak ere baitaude. Hori dela eta, mobilizazioaren bidea hartu du aldarrikatzeko "larrialdiko neurriak" ezarri behar direla, egungo egoera bideratzeko.
Langileak San Anton plazan
CCOOk aurreratu du grebalariak San Anton plazan egongo direla 10:00etatik 14:00ak arte, gatazka ikusarazteko.
Aiaraldea Komunikabidea Correoseko Amurrioko egoitzarekin jarri da harremanetan eta, dirudienez, postari banatzaileak baino ez daude deituta protestara, hau da, bulegoko langileek lanaldi arrunta izango dute eta eskutitzen banaketan nabarituko da lanuztea.
LABen salaketa
CCOO ez da Aiaraldeko posta zerbitzuaren egungo baldintzak salatu dituen erakunde bakarra. Izan ere, LABek ere mahai gainean jarri du arazoa. "Kontratazioaren arloko murrizketek bete-betean eragingo diote Aiaraldeko Kuadrillako jendearen banaketari eta arretari. Banaketa guneak ugaritzeak, batzuk kilometro askoko ibilbidearekin eta dozenaka herrirekin, ezinezkoa egingo du egunero herri horietan guztietan banatzea. Correosek teorian egin behar duen posta-zerbitzu unibertsala paper bustian geratuko da", azaldu du sindikatuak.
LABen aburuz, lan zamak eragina izango du, bereziki, "administrazio, epaitegi, mediku-hitzordu, dirulaguntza, baimen eta abarren jakinarazpenak ematerako orduan. Horrek kalte gehiago eragingo dizkie herritarrei".
Horri lotuta, langile erakunde abertzaleak aldarrikatu du "zerbitzu publikoek giza beharrei erantzuten" dietela, "eta ez errentagarritasun ekonomikoari".