Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak elkarlana berreskuratu dute udalerriko euskararen biziberritzean elkarrekin eragiten jarraitzeko

Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 18:00

Xabi Ugalde (Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko presidentea) eta Txerra Molinuevo (Amurrioko alkatea) akordioa sinatzen. / Aiaraldea.eus

Elkarlana berreskuratzeko borondatea adierazi eta euskararen biziberritzean pausu berriak emateko akordioa erdietsi berri dute bi aldeek. 

Lankidetza akordio berria erdietsi dute Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak. Akordio horren bidez, Aiaraldea Komunikabideak udalerriko egunerokoaren berri ematen jarraituko ahal izango du euskaratik eta euskaraz, euskararen erabilera sustatzeko eta biderkatzeko helburuarekin, azken 15 urteetan egin duen bezala. Era berean, Amurrioko Udalak euskarazko komunikazioa sustatzeko baliabideak indartuko ditu udalerrian, elkarlan esparru berritu honen bidez.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote hizkuntzaren biziberritzean aritzeko duten borondatea eta konpromisoa, eta bide horretan garatu nahi dute akordio berri hau, Amurrioko herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko eta biderkatzeko helburuarekin. 

Azken hamarkadetan urrats esanguratsu asko eman dira euskararen biziberritze prozesuan. Euskaltegiak, ikastetxeak, komunikabideak, erakunde publikoak, euskara taldeak, kultur zein kirol elkarteak, eragile sozialak, norbanakoak... Guztien ekarpena berebizikoa izan da hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko.

Bide horretan, ezinbestekoa izan da beti elkarlanerako espazioak sortzea eta hauek indartzea. Erakunde mota ezberdinen arteko elkarlana, herritarren artekoa, ezberdinen artekoa. Inurri lan handiari esker, kontsentsu zabalak lortu dira euskararen biziberritzera bidean, eta etorkizunean ere lankidetza hori determinantea izango dela uste dugu Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak ere.

Lankidetza akordio berritu hau ere norabide horretan kokatzen da, hizkuntzaren biziberritzea den erronka erraldoiari elkarlanean ekiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta sinergiak behar dituelako, etorkizunean biziko bada.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide