Larunbatean garaipena eskuratu zuen Mirari Gotxik Lizarran, Espainiako Koparen barruan. Amurrioarrak lasterketa borobila egin zuen. Lehenengo ihesaldian, 15. kilometroan, aurrean jarri zen eta ez zuen lasterketako burua utzi amaitu arte. Bidean tarteko esprintak ere irabazi zituen eta zapore oso gozoa utzi dio probak.
"Lehenengo mendatean, bik hartu genuen aurrea eta, denbora baten ondoren, nire bi taldekideek harrapatu gintuzten. Bigarren mendatean, hirurok bakarrik ihes egitea lortu genuen, eta horrela, hirurak batera amaitzea lortu genuen", azaldu dio Gotxik Aiaraldea Komunikabideari.
Baque Taldeko hiru kideek lan bikaina egin zuten eta txandaka bultzatu zuten ihesaldia, irudietan ikus daitekeen moduan:
#CopaEspañaFemCofidis | Carrera júnior - 20 km a meta 🏁
— Real Federación Española de Ciclismo (@RFECiclismo) June 7, 2025
Paula Ostiz, Alejandra Neira y Mirari Gotxi, las tres del equipo Café Baqué-Movistar Team, son cabeza de carrera con más de 2'30" de ventaja
¡Tremenda exhibición del Café Baqué! 🤩 pic.twitter.com/JbFwLRRsiP
Gauzak horrela, eta nagusitasuna erakutsita, txirrindulariak eskutik oratuta sartu ziren helmugan eta amurrioarrari egokitu zitzaion podiumaren lehen postura igotzea, Paula Ostiz eta Alejandra Neirarekin.
Erorikoa atzean uztea
Asteburuko emaitza animoa hobetzeko bide zuzenena da Mirari Gotxirentzat. Izan ere, txirrindulariak erorketa pairatu zuen Pontevedrako proban eta, horren ondorioz, uko egin behar izan dio sailkapeneko lehen postuan egoteari, Galizian ez baitzuen lasterketa amaitzerik izan.
Hala ere, Gotxik oso argi ditu bere helburuak hurrengo hilabeteetarako: "Ikastea, egunero hobetzea, gozatzea eta nire taldekideak laguntzea".