Baranbion San Antonio Deuna ospatuko dute gaur eta igandean Ahuntz Egunaren XXVI. edizioarekin. Bi eguneko egitaraua prestatu dute landa eremuko kultura ezagutu eta gozatzeko. Izan ere, festa hau oso lotuta dago lehen sektorera eta, zehazki, azpigorri eta azpizuri ahuntzetara.
Gaurko ekintzei dagokienez, 12:00etan izango da meza Garrastatxuko baselizan eta 13:00etan erromeria. 20:00etan jarraituko dute Alina de Castro albaitari, trebatzaile eta aholkulariarekin. Adituak hitzaldia eskainiko du Mendiko bazken eta larren inguruan.
Solasaldi formala amaituta, elkarrizketa luzatzeko aukera egongo da Garrastatxuko Txosnan egingo den afarian.
Igandean, ahuntzak Garrastatxuko erreginak
Gaurko egitaraua makala ez bada ere, igandean izango dira jarduera nagusiak. Horretarako, 8:15etik aurrera XVI. Ahuntz Lehiaketa eta Erakusketa abiatuko dute. 9:00etan mendi ibilaldia hasiko dute eta 11:30ean Bizindar talde artziniegarrak antolatutako herri kirolen txanda helduko da.
12:30ean ahuntz emeen lehiaketa izango da eta 13:00etan, aldiz, akerrena. 13:30ean bolilla eta ahuntzen pisaketari ekingo diote eta 14:00etan sari banaketa egingo dute.
Herri bazkaria 14:45ean deituko dute, baina ekainaren 11n amaitu zen tiketak erosteko epea. Amaitzeko, erromeriak dantzatzeko parada emango du 17:00etan.