Ginda baino ez zitzaion falta larunbatean Amurrio Clubeko gazte taldeari hurrengo denboraldian Euskal Ligan jokatzeko. Izan ere, dena bikaina izan zen: kiroltasun giroa, zale mordoa, joko ona...
Tamalez, norgehiagoka 1-1 amaitu zen eta emaitza horrek CD Lagun Onaki eman zion igoera postua. Izan ere, azpeitiarrek 4-1 irabazi zioten Abadiñori, Amurriokoek 1-2 irabazi zioten bitartean.
Dena den, oroitzeko moduko futbol jardunaldia utzi zuen arratsaldeak Basarten. Amurrioko zein Lagun Onakeko zaleek harmailak bete zituzten eta errespetua gailendu zen une oro.
Horrez gain, partida hasi baino lehen, jokalarien gurasoek testua irakurri zuten goraipatzeko gazteek izandako jarrera eta portaera aparta. Eurentzat, denboraldia ez zegoen jokoan azken partida horretan, lan bikaina egin baitute haraino heltzeko.
Giro bikaina sortu zen Amurrio Club eta CD Lagun Onak taldeen arteko partidan larunbatean Basarten. Gazte kategoriako jokalariek Euskal Ligarako igoera zuten jokoan. pic.twitter.com/wqHFJAxQvc
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 17, 2025
Behin partida hasita, Amurriok lortu zuen lehen gola, baina handik eta ordu erdira berdindu zuten azpeitiarrek. 1-1 adierazi zuen markagailuak 90 minutuak agortu zirenean eta horrek igoeraren saria eman zien gipuzkoarrei.
Edonola ere, protokoloa jarraiki, penaltiak jaurti behar izan zituzten eta ataka horretan amurrioarrak hobeak izan ziren. Etxeko atezainak jaurtiketa bat gelditu zuen eta 5-4 izan zen garaipen sinbolikoa etxekoentzat.