Aresketa Ikastolak hartu du Bastida Ikastolaren lekukoa, eta Amurrion ospatuko dute 2026ko Araba Euskaraz jaia. Iragan ekainaren 14an Gasteizen egin zion txandapasa Arabako Errioxako ikastolak eskualdeko hezkuntza zentroari, aurtengo Araba Euskaraz jaiaren ekitaldi nagusiaren amaieran.
Bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatuta geratu da horrela; datorren urtean Gasteiz atzean utzi eta Amurrion ospatuko dute Arabako Ikastolen jaia. Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak "ilusioz" heldu dio erronkari, eta honezkero hasi dira festa antolatzeko lanetan.
Ibilbide oparoa
Amurrioko guraso talde baten ekimenez sortu zen Amurrioko Ikastola 1977. urtean, seme alabei "euskarazko kalitatezko heziketa" eskaintzea helburu.
Mendiko Lagunak taldearen egoitzan ekin zion hezkuntza zentroak ibilbideari. Irakasle, guraso, ikasle eta herritarren lanari esker 1990ean ireki zituen ateak Ikastolaren erakin berriak, Amurrioko Aresketa auzoan. Geroztik auzoaren izena eraman du Ikastolak.
Hainbatetan ospatu da Araba Euskaraz jaia Amurrion, beti ere Ikastola eta bertako hezkuntza proiektua hauspotzeko helburuarekin. 1986an egin zuten Arabako Ikastolen jaia aurrenekoz.
Ordutik, jaiaren beste lau edizio jaso ditu Amurriok, azkenengoa 2020an, Darabagu lemapean. Azken Araba Euskaraz jai hori COVID-19aren pandemiak erabat baldintzatuta ospatu behar izan zuten Ikastolako kideek.
Hasieran zehaztutako datan ospatzerik ez, eta pandemiak eragindako salbuespen neurriak zerbait leundu ahala ekitaldi xumeren bat edo beste antolatu zituzten. Oraingo honetan, ohiko ereduarekin itzuliko da Araba Euskaraz jaia Amurrioko kaleetara, udalerria milaka euskaltzaleren topaleku bilakatuz.
Zozketa
Araba Euskaraz jaia eskualdera itzuliko dela ospatzeko asmoz, Aiaraldea Komunikabideak aurtengo edizioko material zozketa egingo du. Esteka honetan egongo da zozketan parte hartzeko aukera.