Ikus-entzunezkoen huba aurrera doa. Aiaraldeko Larrialdi Planaren barruan aurreikusitako egitasmoak bi kokapen izango ditu Amurrion. Alde batetik, Maskuribai industriagunean 600.000 euroko inbertsioa egin eta pabilioi bat erosi dute.
Espazio hori oraindik egokitu behar dute altuera handiagoa izateko. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak alokairuan jarriko du ekoizpenek han grabatu ditzaten barruko eszenak.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerga politiken ondorioz, film eta telesaio asko ari dira grabatzen EAEn eta Aiaraldean eta azpiegitura honekin toki bat gaitu nahi dute hutsune hori betetzeko.
Trebakuntza eta aurreprodukzioa
Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak Refor enpresaldea baliatu nahi du zinema eta ikus-entzunezkoei lotutako trebakuntza emateko. Halaber, aurreprodukzioa ere han egiteko aukera izango dute.
Kudeaketa eredua dantzan
Aiaraldea Komunikabideak tokiak izango duen kudeaketa ereduari buruz galdetu dio Aldundiari, baina oraindik ez dute zehaztu nolakoa izango den.