Pintaketekin egin diote eraso Amurrion kokatuta dagoen Aiarako PP alderdiaren egoitzari. Pintura gorriarekin alderdiaren irudia eta Arabako armarria ezabatu dituzte, baita svastika nazia margotu ere. Tokiko alderdi popularrak iragan ostiralean eman zuen gertakariaren berri, eta dagoeneko Ertzaintzan salaketa jarri duela azaldu du.
Prentsara igorritako oharrean, "seinalamendua eta beldurra sortzea" beste helbururik ez duen erasoa gaitzetsi du Aiarako PPk. "Zoritxarrez, gure gizartean badago oraindik fanatiko eta intolerantea den sektorea, askatasuna errespetatzen ez duena", gaineratu dute Alderdi Popularreko ordezkariek. Halaber, "kikilduko ez direla" eta "PPren balioak, demokrazia eta askatasuna defendatzen" jarraituko dutela gaineratu dute.
Azkenik, Alderdi Popularretik eskerrak eman nahi izan dizkiete "zailtasunak zailtasun, herri bakoitzean ideia horien alde aurpegia ematen duten pertsona guztiei".