Gaur arratsaldean egin dute Amurrioko Jai Herrikoien egitarauaren aurkezpena hainbat eragile eta kuadrilletako ordezkarien artean. Azken urteetan bezala, jaien hasiera ofizialaren aurreko larunbatean egingo dituzte lehen ekintzak, paella txapelketarekin abiatuta. Abuztuaren 12ra arte itxarongo dute gero, eta egun horretan jarriko dira berriz martxan, hilaren 17ra arte.
Musika eskaintza oparoa egongo da txosnagunean. Besteak beste, La Txama, Akerbeltz erromeria eta Ziztada & Rlantz arituko dira parkeko oholtzan, baina egitaraua ez da espazio horretara mugatuko.
Juan Urrutia plazan egingo diren bi kontzertu ere sartu dituzte egitarauan: Tanxugueiras eta Duplarenak, alegia. Izan ere, herri osoan egingo diren jardueretan parte hartzeko deia luzatu dute Jai Batzordeko kideek, eta aurreratu dute kuadrillen arteko ginkana formatuko lehiaketa bat antolatuko dutela hori sustatzeko.
