Amurrioko merkatu zaharra gune komunitarioa izango da soilik eta, ondorioz, udal liburutegiak beste solairu bat hartuko du

Erredakzioa 2025eko uztailaren 9a

Foru kalean kokatuta dagoen azoka zaharraren proiektua kanpotik. / Amurrioko Udala

Udalak merkatu zahar osoa herritarren erabilera komunitariora bideratuko du eta udal liburutegia dagoen tokian mantenduko da, beste solairu bat gehiago okupatuta.

Amurrioko Udalak oharra zabaldu du jakinarazteko Foru kaleko azoka zaharraren erabilera behin betiko definitu dutela eta ez dutela bideratuko etorkizuneko liburutegirako, herritarren erabilerarako baizik. 

Duela hiru urte onartutako ekipamendu-planaren arabera, han kokatu behar zuten liburutegia. Baina, horren ordez, 18.125,80 euroko kontratua esleitu diote Arzanegi Arquitectura enpresari eta eurena izango da erabilera berriak zehaztuko duen proiektuaren erredakzioa.

Udalak adierazi duenez, "diseinu berriak eraikinaren erabilera polibalentea aurreikusten du. Beheko solairuan turismo-bulegoa, 100 pertsonentzako edukiera duen auditorioa eta erakusketa-gela kokatuko dira. Bestalde, goiko solairua —500 m² baino gehiagoko espazio irekia— auzo jardueretarako erabiliko da, hala nola dantzak, herri-bazkariak eta gizarte-ekitaldiak egiteko, baita astean zehar haurrei zuzendutako jardueretarako ere".

Liburutegiak espazio gehiago hartuko du egungo eraikinean

Gauzak horrela, tokiko erakundeak aurreratu du udal liburutegiak solairu bat gehiago okupatuko duela. Hain zuzen, hiru solairu hartuko ditu: beheko solairua baliatuko dute mailegu-zerbitzu eta ordenagailu-erabilerarako, eta goiko solairuetan haur eta helduen guneak antolatuko dituzte, funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetuz.

Esku-hartze gehiago

Halaber, Foru kalearen ingurua urbanizatzeko proiektua osatzen ari dira. 1.500 m²-ko azalera hartzen du egitasmoak eta zoladura, hornidura-sareak, argiteria eta kanalizazioak berritzea barne hartzen du. Proiektua Egitu, Arquitectura, Ingeniería y Urbanismo S.L.P. enpresari esleitu diote, 8.560,75 euroren truke (BEZa barne).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide