Amurrioko amiantoaren mapa osatzea eskatu du EH Bilduk, material horren erretiratzea planifikatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 14a

Amurrioko EH Bilduko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Mozioa aurkeztu du oposizioko taldeak hori eskatzeko. 

Amiantoa duten Amurrioko azpiegitura eta eraikinen mapa osatu behar dela uste du EH Bilduk, eta mozioa erregistratu du hori eskatzeko. 

Oposizioko taldeak gogorarazi du Europar Batasunak proposatu duela udalerri guztiek horrelako mapak osatzea 2028a baino lehen. "Hori dela eta, ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, besteak beste, amiantoa instalazio eta kokaleku publikoetan kentzean jartzen du fokua, eta 2028a ezartzen du horretarako azken urte moduan", gaineratu du koalizio subiranistak. 

EH Bilduren aburuz, amiantoaren kontserbazio-egoera eta erretiratze-kostua ere barnebildu beharko lituzke azterlanak, "ondoren materiala kentzeko lehentasunak finkatzeko".

Talde politikoko kideen ustetan, Udalak hartu beharko luke material horren erretiratzearen ardura, lan hori bere gain hartuz edo hori "ekonomikoki errazteko" diru-partidak gaituz. 

"Herritarren ongizatea eta osasuna lehentasunezkoa" dela argudiatu du EH Bilduk, amiantoak "asbestosia edo biriketako minbizia bezalako gaixotasunak" eragiten dituela eta lurzoruak kutsatzen dituela nabarmenduta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide