JOHN GARCIA

"Muay thai egiteak nire bizitza erabat aldatu du onerako, familiarekin zein lagunekin"

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 24a

John Garcia eskuratu dituen bi garaikurrekin. / Aiaraldea.eus

JOHN GARCIA (Amurrio) Espainiako Muay Thai Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen ekainean eta kirol horri buruz mintzatu da.

Espainiako Muay Thai Txapelketako bigarren postua lortu zenuen. Lehenengo aldia zen zuretzat horrelako lehiaketa batean?

Ez, aurretik egin dut baten bat, nire bosgarren borroka izan zen. Hau izan da nire lehen borroka garrantzitsua, besteak gaubeletan izan dira eta. Aipagarria izan zen ere Iberiako Opena, zeinean urrea eskuratu nuen. 

Pozik itzuli zinen bigarren postuarekin?

Bai, pozik nago. Ondo egiten ari nintzen, baina akats bat egin nuen eta horren ondorioz galdu nuen. Puntuetan irabazten ari nintzen, baina ukondoko kolpe zuzen bat sartu zidan aurkariak eta ez nintzen gai izan altxatzeko. Hor bukatu zen dena eta bigarren izan nintzen.

Dena den, ikusi nuen maila handia dagoela. Jendea oso prestatuta doa eta ez doa txantxetan. Ez baduzu entrenatzen, egurra emango dizute.

Amurrion ere esperientzia bitxiak izan dituzu.

Bai, Amurrion borrokatu behar nintzen duela hilabete batzuk, baina infekzioa hartu eta ezin izan nuen egin. Hilabete batzuk igaro dira jadanik eta sasoia berreskuratu dut.

Duela bi urte ere gauza oso arraroa gertatu zitzaidan: borrokatu nintzen eta epaileek, hasieran, galtzaile izendatu ninduten, baina gero kontrakoa erabaki zuten. Ez dakit zer gertatu zen, eta norena izan zen akatsa, baina arraroa izan zen. 

"K-1 egiten hasi nintzen, baina duela urte eta erdi erabaki nuen muay thai egitea, borrokaren erritmoa hobeto menperatzen dut eta teknika gehiago daude"

Duela zenbat urte egiten duzu kirol hau?

Duela sei urte hasi nintzen K-1 egiten, baina duela urte eta erdi hautatu nuen muay thain aritzea. Pandemian hasi nintzen K-1 praktikatzen, baina gero probatu nuen muay thai eta konturatu nintzen askoz hobeto egiten dudala; borroken erritmoa hobeto kontrolatzen dut eta teknika gehiago daude. 

Zer da gehien gogoko duzuna muay thain? Arriskutsua da, ukondoak erabiltzen baitira.

Egia da zenbait zentzutan gogorragoa dela, baina erosoago nago. Edonola ere, erritmoa hobeto menperatzen dut muay thain K-1ean baino, eta horrela gusturago nago nire buruarekin, bai entrenatzen zein borrokatzen. Bestalde, gehien gogoko dudana da ukondoak eta belaunak erabiltzea kolpeak emateko.

K-1ean erritmo handiagoa dago, kolpe konbinazio gehiago egiten dituzte. Muay thain erritmoa motelagoa da, ez zara horrenbeste mugitzen zure tokitik eta ukondoen eta belaunen kolpeak daude, baita clinch ere (lepoa edo gorputza heltzea), eta horrekin adi ibili behar zara. 

Espero zenuen urteak egitea kirol honetan?

Ez, lehen futbolean jokatzen nuen, baina aspertzen hasia nintzen eta hau probatzea erabaki nuen. Hasieran denborapasa baino ez zen, giro txarrak alde batean uzteko eta gimnasioan jende atseginarekin egoteko.

Ibai Ruizek proposatu zidan kluben arteko borroketan aritzea eta gustura ibili nintzen. Ondorioz, esan nion Ibairi borrokatzeko prest nengoela eta norgehiagoka ofizialak bilatzen hasi zen. 

"Lehen futbolean aritzen nintzen, baina aspertzen ninduen eta hau probatzea erabaki nuen"

Zer sentitzen duzu ringean?

Emozio asko elkartzen dira. Arraroa da. Ringean bertan gustura nabil, baina igo baino lehen urduritasuna agertzen da, pentsatzea ea zer gertatuko den... Izan ere, horrenbeste entrenatu eta gero galtzeak izorratzen du. Egia da galdu behar dela ere, baina horrek ez du esan nahi ez duenik izorratzen.

Helburuak dituzu?

Udan entrenatzen jarraitzea eta agertzen diren borrokak onartzea. Hurrengo urtean saiatuko naiz urrea eskuratzen. 

Ibaik proposatu dit muay thai egitea eskularru meheekin. Negoziatzen ari dira eta ea zer gertatzen den. 

Erreferenteren bat duzu?

Ibai, nola ez. Mikel Fernandezi ere erreparatzen diot, sakrifizio handiak egin behar dituenak aurrera egiteko, eta baita Victor Conesari ere.

Zure bizitza aldatu dute K-1 edota muay thai kirolek?

Bai, erabat, onerako eta arlo guztietan, familiarekin, lagunekin... Ez dut parrandarik egiteko gogorik, entrenatu nahi dut, gimnasioko jendearekin eroso nago... Nire bigarren familia da eta borroka egunean babes hori nabaritzen dut. 

Thailandiara joateko asmoa daukazu?

Bai, aurten udan joateko ideia nuen, baina lanarekin korapilatu da plana. Espero dut Gabonetan joatea, entrenatzea eta ikastea. Ibairekin joango naiz, edo bakarrik banoa, berak lagunduko nau gimnasioa bilatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide