Landako auzoaren eraberritzea Foru Planeko dirulaguntzara ez aurkeztea deitoratu du Amurrioko EH Bilduk. Oposizioko taldeak azaldu duenez, Udalak 2021ean aurkeztu zuen egitasmoa deialdi horretara, 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin. “Baina gobernu taldeak lan hori bertan behera uztea erabaki zuen eta, horrenbestez, Arabako Foru Aldundiak lan horretarako aurreikusitako 700.000 euroko diru-laguntzari ere uko egin zion”, salatu du talde subiranistak.
Aurten, aldiz, Udalak Mendiko kaleko obra aurkeztu du Foru planera, Landako auzokoa baliabide propioekin egingo duela argudiatuta, eta EH Bildu ez dago horrekin ados.
Oposizioko taldeak aipatu duenez, udal gobernuarekin sinatu zuen aurrekontu akordioan zehazten zen Foru Planera aurkeztuko ziren proiektuak “elkarrekin adostuko zirela”.
Talde subiranistak Landako auzoko proiektua jarri zuen berriro mahai gainean, baina ez zuen Udal Gobernua konbentzitzerik izan. Azaldu dutenez, Udalak Mendiko kaleko obra hautatu zuen dirulaguntzara aurkezteko, Landakokoa baliabide propioekin egingo zutela argudiatuta.
EH Bilduko kideen ustez, Udalaren erabakiak “ez du inolako logikarik ikuspegi ekonomikotik”, Mendiko kaleko lanek 463.000 euro balio dituztelako, Landakokoak 2 milioi euroko aurrekontua duen bitartean.
EH Bilduko kideen ustez, Udalaren erabakiak “ez du inolako logikarik ikuspegi ekonomikotik”, Mendiko kaleko lanek 463.000 euro balio dituztelako, Landakokoak 2 milioi euroko aurrekontua duen bitartean. Hala azaldu dute: “Bi lan daudenean eta biek dirulaguntza portzentaje bera jasotzeko aukera dutenean, EH Bildu udal taldearen logika da ahalik eta dirulaguntza handiena jasotzea, eta baliabide propioekin ahal den gutxien ordaintzea; hau da, lan handia diruz laguntzea eta kostu txikiagokoa baliabide propioekin egitea”.
Gauzak hala, oposizioko taldeak uste du Udalak ez duela finantza ahalmenik 2 milioi euroko lan bat baliabide propioekin egiteko, “baina bai duela milioi erdiko lan bati aurre egiteko gaitasuna.
Udal Gobernuaren erantzuna
EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak prentsa ohar baten bidez erantzun dio EH Bilduri. “Egiari muzin egitea” leporatu diote oposizioko taldeari, "inoiz izan ez diren elkarrizketak" aipatzea eta "gertaerak erabat desitxuratzen dituzten baieztapenak" egitea egotzita. "Jarduteko modu horrek, herritarrak engainatzeaz gain, larriki kaltetzen du gure udalerriko eztabaida politikoaren kalitate demokratikoa", salatu dute.
Horren aurrean, konpromisoak betetzen dituztela aldarrikatu dute gobernu taldeko kideek, Mendiko kalea urbanizatzeko proiektuaren garrantzia nabarmenduta. Izan ere, aipatu dutenez, 1985tik darama zintzilik egitasmo horrek. "Gaur, azkenean, benetako lehen urratsa ematen da aldarrikapen historiko batekin justizia egiteko", goraipatu dute.
"Egiari muzin egitea” leporatu diote EAJk eta PSE-EEk oposizioko taldeari, "inoiz izan ez diren elkarrizketak" aipatzea eta "gertaerak erabat desitxuratzen dituzten baieztapenak" egitea egotzita
Landakoko proiektuari dagokionez, ziurtatu dute ez dutela baztertu, "atzeratu baizik". Horri lotuta, EAJk eta PSE-EEk gogora ekarri dute EH Bilduk beste egitasmo baten alde egin duela 2026-2027ko Foru Planera aurkezteko proiektuak negoziatzerako orduan. Horrez gain, azaldu dute Gobernu taldeak "bost proposamen ezberdin baino gehiago" planteatu zizkiola EH Bilduri, "elkarrizketarako prest", baina oposizioko taldea "bere irizpideak onartzea eskatzera" mugatu zela. Gauzak hala, "adostasuna eta inposaketa nahastea" leporatu diote talde subiranistari, hori "kultura demokratiko ezaren erakusgarri" dela nabarmenduta.
Gainera, koherentzia falta ere egotzi diote EH Bilduk egiten duen proposamenari: "Euren posiziotik, esaten dute beti lehenetsi behar dela zenbateko ekonomiko handieneko proiektua, funtsezko alderdiei erreparatu gabe, hala nola bideragarritasun teknikoari, gauzatzearen plangintza errealistari edo herritarrekin hartutako konpromisoei".
Horren aurrean, Udal Gobernuak defendatu du bere konpromisoa Amurrio osoarekin dela, eta "ikuspegi orokor batekin" egiten dutela lan, "auzo guztiak berdin artatzen dituena".
Gauzak hala, "desinformazioaren bidea" alde batera uzteko eskatu diote EH Bilduri: "Amurrioko herritarrek eztabaida zorrotza, zintzoa eta erakundearekiko eta egiarekiko errespetuzkoa merezi dute. Egia erdiak, manipulazioak eta existitzen ez diren erabakien erreferentziak behin eta berriz erabiltzeak kalte baino ez die egiten udalerriari eta bertan bizi garenoi".