EUSKOTARRAK

"Euskotarrak izan da betidanik izan dudan bigarren familia"

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 4a

IZARO LLADO EGIA izango da Euskotarrak kuadrillaren ordezkaria aurten, jai-kuadrillak 60 urte betetzen dituen urtean. Jaiak hasteko irrikaz dagoela aitortu digu.

Zer sentsazio sorrarazten dizu zure kuadrillaren ordezkaria izateak aurtengo jaietan?

Oso pozik jaso nuen erabakia. Azkenean, Euskotarrak izan da betidanik izan dudan bigarren familia. Oso txikia izanda hasi nintzen kuadrillan parte hartzen, nire familia osoa betidanik egon delako kuadrillan aritzen. 

Horregatik hartzen dut erabaki hau gustura eta Amurrioko jaiak izateko gogo handiarekin.

Nola bilakatu zinen zure kuadrillaren kide?

Lehen esandakoaren harira, kuadrillan egon naiz jaio nintzenetik. Nire familiaren belaunaldi askok parte hartu izan dute 60 urte hauetan. Gainera, nire osaba izan da kuadrillaren lehendakaria urte askotan.

Zein da zuen gurdiaren gaia?

Aurten erabaki dugu karrozaren gaia Shrek filmari buruz izatea. Gai hau berezia da guretzat, egiten saiatzen garen hirugarren aldia delako. 2012an izan zen lehenengo aldia saiatu ginela. Urte horretan jaiak hasi baino lehen, aurkitu genuen gurdia erreta. Eta bigarrenez, 2020an erabaki genuen berriz saiatzea baina guztiok dakigu zer gertatu zen… Beraz, esaten den bezala hirugarrenean bai, oraingo honetan, asmatu!

Zer da Amurrioko jaiak berezi egiten dituen hori?

Niretzat kuadrillak dira jaiak bereziak egiten duten hori. Azkenean beste herrietan kuadrillak, lagun kuadrillen arteko gauza bat da. Berriz, Amurrion parte hartu dezake edonork. Guretzat jaiak lehenago hasten dira. Udan zehar denbora asko pasatzen dugu karrozak egiten jai kuadrillarekin. Beraz, azkenean denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta gure artean harreman berezia sortzen dugu.

Zein ekintzetarako zaude gogotsuen? 

Aurten 60 urte betetzen ditugu kuadrilla sortu zenetik. Orduan, ospatzeko txupinazo egunean belaunaldi guztien arteko bazkaria prestatuko dugu. Ilusio handiz hartzen dut egun hori nire familia osoak parte hartuko duelako.

Zein da jaietako gau bat bukatzeko modurik onena?

Egunaren arabera, azkenean egun bakoitzak xarma berezia dauka. Adibidez, gau berezi bat izaten da karrozena. Jai kuadrillan elkarrekin pasatzen dugu gaua eta ohitura daukagu kebab batzuekin bukatzea.

Amurrioko jaiak eskualdeko onenak direla argudiatzeko hiru hitz:

Herrikoak, elkarlana eta aniztasuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide