"Herriari kolore asko, poz handia eta saltsa asko transmititu nahi diogu"

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 5a

SENDOA CHARTE BAREA izango da Dantza Lagunak kuadrillaren ordezkaria aurten. Kuba izango da kuadrillaren gurdiaren gai nagusia, herrian "saltsa eta kolorea" zabaldu nahi dituztelako.

Zer sentsazio sorrarazten dizu zure kuadrillaren ordezkaria izateak aurtengo jaietan? 

Hitz batean eragiten didan sentsazioa emozioa dela esango nuke. Izan ere, zure jaietako taldea irudikatzen ari zara, eta zoragarria da, bai ordezkaria izateagatik, bai gure jaietako beste puntu bat ikusteagatik.

Nola bilakatu zinen zure kuadrillaren kide?

Ni betidanik izan naiz beste kuadrilla bateko kide, eta nire familia ere bai, baina denborarekin jaien beste ikuspegi bat nahi nuela ikusi nuen, eta gehiago identifikatzen nintzen kasu honetan Dantza Lagunak nire oraingo kuadrillarekin.

Zein da aurtengo zuen gurdiaren gai nagusia?

Bada, gure karrozaren gaia aurten Kuba da, eta gure inspirazioa Kubako taberna bat. Herriari kolore asko, poz handia eta saltsa asko transmititu nahi diogulako. Gure izenak dioen bezala, oso gustuko dugu dantza egitea.

Zer da Amurrioko jaiak berezi egiten dituen hori?

Nik uste dut Amurrioko jaiak bereziak direla kuadrilletako jendea elkarrekin gozatzera ateratzen delako, herriak proposatzen dituen ekitaldietan parte hartzen duelako. Garrantzitsuena, dena borobiltzen duena, karrozen desfilea da.

Zein ekintzetarako zaude gogotsuen?

Nire rankingean Txupinazo Eguna dago lehenengo postuan. Gero, Kuadrillen Eguna, egun horretan gainera, Tanxugueiras abestera datoz eta karrozen desfilea da.

Zein da jaietako gau bat bukatzeko modurik onena?

Nire ustez jaietako gau bat amaitzeko modurik onena zera da: kebab on batekin indarrak hartu eta belardietara jauzi egitea.

Amurrioko jaiak eskualdeko onenak direla argudiatzeko hiru hitz:

Tradizioa: familiak elkarrekin jateko batzen direlako, eta duela urte batzuk egiten ziren gauzak egiten direlako. Eromena: giroa desinhibitua, dibertigarria eta paregabea delako. Bihotza: jendeak dena ematen duelako, pasioz eta hurbiltasunez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide