Zer sentsazio sorrarazten dizu zure kuadrillaren ordezkaria izateak aurtengo jaietan?
Poza, bizitzan behin bakarrik gertatzen den gauza bat delako eta beste urte batzuetako ordezkariek oroitzapen oso ona daukatela esan didatelako. Gainera, aurten 60. urteurrena da eta beti gogoratuko dudan zerbait izango da.
Nola bilakatu zinen zure kuadrillaren kide?
Duela urte batzuk, jaiak nolakoak ziren jabetu nintzenean festetako arduretan gehiago parte hartu nahi izan nuen, eta kuadrilla horretan zegoen lagun batek berarekin joateko esan zidan eta kuadrillara pasatzera animatu ninduen, gaur arte.
Zein da aurtengo zuen gurdiaren gaia?
Lilo eta Stitch. Duela gutxi film berria atera da eta, Hawaii gaia gustatzen zitzaigunez, partaideen artean erabaki dugu eta gai polita izan daitekeela pentsatzen dugu.
Zer da Amurrioko jaiak berezi egiten dituen hori?
Kuadrilla bakoitzaren barruan lagun talde asko daude, horrek aberasten gaitu eta ematen digu aukera jende berria ezagutzeko. Gazteen artean daukagun giroa bakarra eta berezia da. Gainera Amurrion karrozak egiten diren leku bakarra da zonaldean.
Zein ekintzetarako zaude gogotsuen?
Gehien gustatzen zaidan ekintza karrozen desfilea da baina aurten kuadrillen bazkariaren ondoren dagoen erromeriaren zain nago, oso ondo egongo dela uste dudalako.
Zein da jaietako gau bat bukatzeko modurik onena?
Nire ustez, gau bat bukatzeko modurik hoberena oinetako minarekin (abarken ondorioz) eta pintxo tortilla bat gosaltzen da.
Amurrioko jaiak eskualdeko onenak direla argudiatzeko hiru hitz:
Partaidetza, emozioa eta lo falta.