EL BOLI

"Uste dut kuadrilla guztiak ados egongo garela, kuadrillok egiten ditugu berezi Amurrioko Jaiak"

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 6a

JOSU PIKAZA LOPEZ izango da aurtengo El Boli kuadrillako ordezkaria Amurrioko jaietan. Kuadrillek sortzen duten giroan murgiltzeko gogotsu dagoela aitortu du.

Zer sentsazio sorrarazten dizu zure kuadrillaren ordezkaria izateak aurtengo jaietan?

Alaitasuna eta harrotasuna, baina urduri jartzen nau aldi berean. Beraz, batez ere gogoa sentitzen dut, erronka polita dela iruditzen zait. Gainera, nire kuadrillako beste bat ordezkaria izanda ere, asko hobetuko du giroa eta gozatuko dugula argi dago. 

Nola bilakatu zinen zure kuadrillaren kide? 

Ez nengoen inolako kuadrillaren batean eta benetako jaiak sentitu nahi nituen. El Boliren parte izan nahi genuen lagun batzuk elkartu ginen, kanpotik ikusita El Boli gustukoen genuen kuadrilla zen eta ez ginen okertu. 

Zein da aurtengo zuen gurdiaren gaia? 

Aurten gaia Mendebalde Urruna izango dela erabaki dugu, zehazki cowboy taberna bat. Gai horrek denek parte hartzeko aukera ematen du, gaia oso anitza da eta aukera asko eskaintzen dituelako.

Zer da Amurrioko jaiak berezi egiten dituen hori? 

Uste dut kuadrilla guztiak ados egongo garela, kuadrillak berak direla berezi egiten dituena. Kuadrillek sortzen duten giroa eta festa dira Amurrioko jaiak duten onena. Aurten, gainera, Urrezko Iguarrakoarekin kuadrillen arteko “pikea” areagotuko denez eta joko gehiago egonda, dibertigarriagoa izango da. 

Zein ekintzetarako zaude gogotsuen? 

Aurten haurrek erabiltzen dituzten moto lasterketa bat egongo da; dibertigarria izango dela dirudi. Baina iaz egindako goitiberak jartzen badituzte botatzeko gogoak ditut ere, aldapa gehiago jartzekotan ere ez nintzateke kexatuko. 

Zein da jaietako gau bat bukatzeko modurik onena?

Kuadrilla eta lagunekin espero ez nuen zerbait egiten bukatzea.

Amurrioko jaiak eskualdeko onenak direla argudiatzeko hiru hitz:

Kuadrillak, giroa eta farra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide