Eraso matxistarik gabeko jaien alde lanean

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abuztuaren 6a

Akelarrea baliatu zuen iaz Amurrioko Mugiemdnu Feministak, erasorik gabeko jaiak aldarrikatzeko. / Aiaraldea.eus

Mugimendu Feministak eta Amurrioko Udalak 24 orduko arreta eskainiko duen telefonoa jarriko dute eskura eraso matxistak salatzeko, jai egunak iraun bitartean. 666 167 220 izango da telefonoa.

Aurtengoan ere, pertsona guztientzako seguruak izango diren eta eraso matxistarik gabeko jaien alde lanean arituko da Amurrioko Mugimendu Feminista. Eragile feministen urteetako lan eta ekinaren ondoren, iaz jarri zuen martxan Udalak lehendabizikoz jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa. Amurrioko jaien edizio berri honetan, 2024an abiatutako bidetik jarraituko dute lanean herriko eragile eta erakundeek, erasorik gabeko festak erdiesteko. Urte luzez Mugimendu Feministaren baitako Otsemeak neska gazte taldea izan da Amurrioko jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa garatu izan duen eragile bakarra, honen aplikazioa Jai Herrikoien esparrura mugatuz nagusiki. Hain zuzen ere, Mugimendu Feministako kideek hartu izan dute euren gain erasoak salatzeko telefonoaren kudeaketa eta prebentzio lana egiteko ardura.

Udalari jaietarako protokolo propioa diseinatzeko eskariak fruituak eman zituen iaz. Lehendabizikoz jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloa garatu zuen Amurrioko Udalak Mugimendu Feministaren eta Amurrioko Emakumeon* Sarearen laguntzaz. “Protokolo berri honi esker jaietako eragile gehiago aktibatzea lortu zen”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari Mugimendu Feministako kideek.
Abiatutako bidetik jarraituko dute aurten ere. Hartara iaz diseinatutako protokoloa gehiago garatu dute ikasturte honetan, eraso matxisten aurkako oinarri sendoagoak jartzeko asmoz. “Mugimendu Feministarentzat oso garrantzitsua da jaietan aktibo diren eragile eta norbanako oro erasorik gabeko jai batzuen alde lanena jartzea. Oraindik ere bide luzea dago lantzeko”, azaldu dute eragile feministatik.

666 167 220 izango da eraso matxistak salatzeko telefonoa

Salaketa telefonoa

Eraso matxistak salatzeko telefonoa izango da protokoloak eskainiko duen baliabide nagusietako bat. Emagin elkarteak eskainiko du 24 orduko telefono arreta 666167220 zenbakian. 

Telefono bidezko arretaz harago, Amurrioko Mugimenduko Feministako kideak arduratuko dira jaiak iraun bitartean aurrez aurreko arreta eskaintzen. Horretarako, protokolo arduradunak izendatu dituzte. Arduradun horiek jai esparruan eragile eta norbanako desberdinei protokoloaren berri emateaz gain, harreman zuzena mantenduko dute telefonoaren atzean egongo diren Emagineko kideekin.
Herriguneko Larrinaga oinezkoen pasealekuan, gainera, Puntu Morea jarriko dute zenbait jaiegunetan. Mugimendu Feministarekin harremana duten neska gazteak egongo dira bertan, protokolo arduradunekin koordinazio eta elkarlaguntza etengabean.

Eraso matxisten prebentzioak ere berebiziko garrantzia izango du Amurrioko jaietan. Mugimendu Feministak kartel, pegatina eta pankartak kokatuko ditu jaiaren epizentro diren guneetan. Amurrioko Udalak ere taberna eta jaietako eragileekin egingo du lanketa hori, eta prebentziorako material gehiago kaleratuko du ere. Gainera, Mugimendu Feministak ekoiztutako kuñak jarriko dituzte entzungai jaietako ekitaldi desberdinetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide