KARLA VELARDE

“Jaiei hasiera ezberdin bat emango diegu kontzertuarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 7a

Bereziak izango dira Amurrioko aurtengo jaiak KARLA VELARDErentzat, kontzertua eskainiko baitu Laztana Laztana taldearekin txupinazo egunean Juan Urrutia plazako oholtzan.

Amurrioko jaietan plazako oholtzara igoko zara aurten, Laztana Laztana proiektuko gainontzeko kideekin batera. Nola jaso zenuten jotzeko proposamena?

Amurrion jotzeko proposamena urrutitik dator, baina, azkenean, aurten izango da gure aukera. Oso pozik gaude, aukera aparta da etxean jotzeko eta nire inguruko jendeari erakusteko zertan aritu garen arlo artistikoan azken bizpahiru urteetan.

Ilusioa, urduritasuna... zer sortzen dizu zure herrian jotzeak?

Egia esan, entzuleen artean hainbeste jende ezagun izateak apur bat urduritzen nau, baina urduritasuna eta ardura lotuta daude, eta urduri jartzen naiz benetan inporta zaidalako egiten dudana. Hortaz, ongi etorriak dira sentsazio horiek eta oholtza gainean lagunduko didatela uste dut.

Bereziak izango dira aurtengo Amurrioko jaiak zuretzat, beraz?

Zalantzarik gabe, oso bereziak izango dira. Aurten zerbait ezberdina eskaintzeko aukera daukagu esku artean, eta modu hobeezina iruditzen zaigu txupinazo egunean jotzea, jaiei hasiera ezberdin bat emanez.

Kontzertutik harago, zer plan duzu aurtengo jaiei begira?

Lehenik eta behin, kontzertua eman ostean egindakoarekin pozik eta lasai geratzea, eta sentsazio polita izatea eskainitakoari buruz. Hortik aurrera, gozatzea da plan nagusia, baita beste eskaintza guztiak disfrutatzea eta merezi duten bezala baloratzea. Guztiok gozatu ahal izateko esparrua izatea gustatuko litzaidake, hau da, espazio segurua izatea; eta guztiok aukera izatea jaietan gure lekua topatzeko.

Zerekin egingo du topo Amurrioko jaietan zuek entzutera gerturatzen denak?

Proposamen eklektiko batekin egingo du topo. Guretzat ez dago mugarik estilo arlotik, ezta kreatibitate arlotik ere. Gustuko dugun musika, guk dantzatuko genukeen musika sortzen dugu, eta entzuleek hori jasotzea espero dugu. Nire aldetik, inoiz baino askeago sentitzen naiz Laztana Laztana proiektuan biolinari dagokionez. Ez da ohiko gauza bat biolina “elektropop” estiloan sartzea, baina barrera hori apurtzeak milaka aukera eman dizkit esperimentatzeko, trebatzeko eta biolinarekin beste soinu mota batzuk lortzeko.

Lehen esan bezala, mugarik ikusten ez duen talde batekin egingo dute topo entzuleek, eta askatasun hori transmititzea gustatuko litzaidake. Beste alde batetik, noski, gure helburu nagusietako bat da euskaraz eta ahots femenino baten inguruan sortutako proposamen honek duen potentziala entzuleei helaraztea.

Uda sasoi bizia izan ohi da musikarientzat, kontzertuak ugaritu egin ohi direlako. Hala izango da ere zuentzat? Zeintzuk dira datozen aste eta hilabeteetarako dituzuen zita eta proiektuak?

Bai, hala izango da, zorionez. Dena den, esan beharra dago entzuleek ez dutela imajinatzen kontzertuen atzean dagoen guztia. Emanaldiak prestatzeak lan handia suposatzen du; baita proiektua aurrera eramateko eman behar diren pausu guztiak: konposaketa, grabaketa, ekoizpena, bideoklipak, promozioa eta abar. Beraz, bai, uda musikala izango dugu, baina ez bakarrik kontzertuei dagokienez.

Dena den, uda honetan daukagun beste zita garrantzitsuena Gasteizko jaiak dira. Oso pozik gaude bertan errepikatzeaz eta, beti bezala, oso eskertuta hain aukera politak disfrutatu ahal izateaz.

Laztana Laztana taldeaz gain, beste proiektu batzuetan ere aritu zara kolaboratzaile, ezta?

Bai! Azken denboraldian konturatu naiz biolin-jotzailea izateak ez duela esan nahi proiektu batean bakarrik aritzea, eta “biolin-jotzaile” titulu hori nirekin doala beti. Horrek aukera eman dit beste pertsona batzuekin eta beste estilo batzuetan jotzeko. Aukera hobeezina da gero eta gehiago ikasteko eta ikaskuntza horiek nire bizitzako beste arlo guztietara eramateko.

Azken urte honetan hainbat taldeen diskoetarako grabatu izan ditut biolinak, “saio-musikaria” deritzona izan naizela esan dezaket. 

Bestalde, Amurrion bertan sortutako Batzutan taldearekin aritzen naiz baita ere, Izaskun Villaverde (flauta), Maialen Fernandez (biolina) eta Lucia Iturbe (pianoa) bidelagun izanda. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide