Ekainaren 14an ospatuko dute Araba Euskaraz jaia Amurrion, baina Aresketa Ikastolako hezkunzta komunitatea hasi da, honezkero, beroketa lanak egiten.
Atzo familia argazki erraldoia egin zuten Ikastolako ikasle, irakasle, guraso eta langileek. Irailean aurkeztuko dute Arba Euskaraz jaiko iruditegi eta lelo ofiziala, baina aurretiaz "txinparta piztu" nahi izan dute herrian uda sasoirako espresuki atera duten kamiseta zurien olatuarekin.
Hainbatetan ospatu da Araba Euskaraz jaia Amurrion, beti ere Ikastola eta bertako hezkuntza proiektua hauspotzeko helburuarekin. 1986an egin zuten Arabako Ikastolen jaia aurrenekoz.
Ordutik, jaiaren beste lau edizio jaso ditu Amurriok, azkenengoa 2020an, Darabagu lemapean. Azken Araba Euskaraz jai hori COVID-19aren pandemiak erabat baldintzatuta ospatu behar izan zuten Ikastolako kideek.
Hasieran zehaztutako datan ospatzerik ez, eta pandemiak eragindako salbuespen neurriak zerbait leundu ahala ekitaldi xumeren bat edo beste antolatu zituzten. Oraingo honetan, ohiko ereduarekin itzuliko da Araba Euskaraz jaia Amurrioko kaleetara, udalerria milaka euskaltzaleren topaleku bilakatuz.
