SAN ANTONEN LAGUNAK

“Aurten balkoian egoteko arazoak izango dituztenak prentsakoak izango dira, 17 pertsona egongo garelako”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 12a

San Antonen Lagunen elkarteko bi kide dira Imanol Arberas eta Lander Meaza. / Aiaraldea.eus

San Antonen Lagunen Elkarteko aurpegi ezagunenak dira IMANOL ARBERAS MENDIBIL (Amurrio, 1968) eta LANDER MEAZA RIVABELLOSA (Amurrio, 1984), urtarrileko azokako enkantea dinamizatzeaz arduratzen direlako. Hala ere, aldarrikatu dute jende asko dagoela antolakuntzan, eta guztiak egongo direla gaur (abuztuak 12) udaletxeko balkoian, pregoia irakurri eta txupina jaurtitzen.

Urrezko Guk Saria jaso zenuten martxoan, eta orain, abuztuan, Amurrioko jaietako pregoia irakurri eta txupina jaurtiko duzue. Nola ari zarete eramaten omenaldi segida hau?

Lander Meaza Rivabellosa: Hasieran txantxa gisa hartu genuen, ez genuen espero. Nola aukeratu gintuzten gu? Ez dago inor gu baino gehiago merezi duenik? Gero entzun dugu zein zen Urrezko Guk Saria guri emateko arrazoia, eta egia da hainbat urte daramatzagula honetan. Baina, hala ere, nik oraindik uste dut herrian badagoela jendea guk baino gehiago merezi duena. 

Urrezko Guk Saria eman zizuetenean proiektatu zen dokumental txikian aipatzen zenuten zuek zaretela azokaren aurpegia, baina jende asko dagoela atzetik auzolanean.

L.M.R.: Duela hogei urte hartu genuen azokaren ardura gure gain, tradizio bat ez galtzearren. Horren ondorioz gaude hemen elkarrizketa hau egiten, Urrezko Guk Saria jaso ondoren. Hamazazpi pertsona gaude atzean. Eta bai, eszenatokira igo eta argazkietan agertzen garenak Imanol eta ni gara batik bat, ados. Baina, futbol talde batean bezala, aurrelari bat izan arren, behar dituzu baita defentsak, atezainak… talde bat, azken finean. Gu familia bat gara. San Antonen Lagunen Elkartea osatzen dugun kideak gara, baina gara baita Amurrioko “morrongoak” eta Lander. Amurrioko kuadrilla bat, txikitatik elkarrekin dagoena, eta hasiera horretarako hartu zuten “atzerritarra”, ni neu, familiaren barruan noizbehinka sartzen utzi dutena. Oraindik ere gogoratzen dugu lehen aurkezpena. Kasualitatez, aste batzuk lehenago Julio Ibarrak aurkezle lanak egiteari utzi zion telebistan.

Hemen bazeuden bi pertsona ordura arte aurkezleak zirenak enkantean, eta ordezkaezinak ziruditen. Julio Ibarra jende orok ezagutzen zuen, Burutxaga eta Rodrigo berdin. Telebistan Ibarra ordezkatu zuena, Aitzol Zubizarreta, orduko hartan ez zuen inor ezagutzen. Eta garai hartan Imanol eta Lander baginen bata Frontoi tabernakoa eta bestea “speaker” lanak egiten zituena Basarten, baina ez gintuen inork ezagutzen. Hogei urte beranduago gauzak aldatu egin dira.

San Antonen Lagunek Elkarteko kideen arteko laguntasuna nabarmendu duzue. Laguntasun hori oso agerikoa izan zen Urrezko Guk Saria eman zizuetenean. Oso giro lagunkoian egin zenuten ekitaldia, eta une batetik aurrera zuek hartu zenuten saioaren gidaritza ia osoa…

L.M.R.: Ekitaldiaren hobe beharrez, ez ziguten utzi, bestela ere ziurrenik oraindik ere egongo ginateke bertan mikrofonoa nork hartu, nork hitz egin eta nork ez. Hori izaten da askotan gure arazoa, ez dakigula noiz isildu.

Imanol Arberas Mendibil: Egun hartako jaia berandu amaitu zen, goizeko lau edo bostetan, familia giroan.

“Garrantzitsuena da San Antonen jaia norbait laguntzeko antolatzen dugula”

Antzeko plana duzue txupinazo egunerako?

L.M.R.: Oraindik ez dugu lotuta. Izan ere, egun horretan, tradizioz, lan egitea tokatzen zait (Lander izan ohi da txupinazo egunean pregoia aurkezteaz arduratzen dena). Aurten udaletxetik momentuz ez dira nirekin kontaktuan jarri, baina niretzat oso berezia izango da, nire parte den ekimen bat aurkezten egongo naizelako. Mikroarekin egon edo ez, ziur egongo garela disfrutatzen lehen ilaran. Aurten balkoian egoteko arazoak izango dituztenak prentsakoak izango dira, hamazazpi pertsona egongo garelako. 

I.A.M.: Niretzat garrantzitsuena da San Antonen jaia norbait laguntzeko antolatzen dugula. Nik ez dut azokan ateratzen den dirua ezertarako behar. Plana bada norbait laguntzea, eta norbaitek asko behar badu, hobeto. 

L.M.R.: Hori da gure bereizgarritasuna. Euskal Herrian mota honetako ehunka azoka daude, baina gureak baditu bi ezaugarri berezi: enkantea bera, eta enkante hori solidarioa izatea. Ekitaldi bat egiten dugu, modu boluntarioan, laguntzeko… Aurten, adibidez, uholdeek kaltetutako Aldayako (Valentzia) musika eskola gazteari eman diogu dirua, eta badakigu horri esker bi gaztek musikarekin jarraitzeko aukera izango dutela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide