Amurrioko udaltzainek txosnaguneko pankartak kendu zituzten atzo goizaldean. Amurrioko Txosnaguneko eragileek salatu dutenez, 7:00ak aldera polizia talde batek txosnaguneko zein herriko beste zenbait tokitan kokatutako pankartak erretiratu eta kale-garbitzaileen kamioietara bota zituen. Jakinarazi dutenez, gertatutakoa grabatzen aritu ziren zenbait gazte identifikatu zituzten ere. "Auzolanaren eta aldarrikapen politikoen kontra egindako eraso" gisa kalifikatu dute gertatutakoa Amurrioko Txosnagunea osatzen duten eragileek.
"Onartezintzat" jo dute gertatutakoa. "Hilabeteak daramatzagu Amurrioko eragile ezberdinok jai herrikoiak eta txosnagunea eraikitzeko lanean. Guztiok gure aletxoa jarriz auzolanean eraikitako gure jaietan espazio eroso eta seguruak sortzeko asmoz", aldarrikatu dute plazaratutako oharrean.
Jaiak "aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko espazio" ere badirela defendatu dute. Gertatutakoa "zentsura politikoa dela" azpimarratu dute. Bereziki "eskandalagarria" jo dute Palestinaren aldeko aldarriak "amorruz" erretiratu izana.
Gaur, abuztuak 14, berriro ere atzo jarritako pankartak kendu dituztela salatu dute Amurrioko Txosnagunetik.
"Akats puntuala"
Pankartak kendu izana "akats puntuala" izan dela azpimarratu du Txerra Molinuevo alkateak. Molinuevok ziurtatu du txosnaguneko arduradunekin harremanetan jarri dela eta jakinarazi diela "alkatetzak txosnaguneko pankartak ez erretiratzeko agindu argia" eman duela, "edozein motatakoak direla ere".
Era berean, Molinuevok "demagogikotzat" jo ditu gai honen inguruan Amurrioko EH Bilduk egindako adierazpenak: "Amurrioko Udalak Palestinaren aldeko pankarta kendu duela esateko aprobetxatu nahi izan du gertakaria. Hain zuzen ere, aurten Iguarrakoari jarritako zapia Palestinaren aldeko zapia izan da. Ez ditugu gai honetan lezioak onartzen".
"Jaietan adierazpen-aniztasuna defendatzen eta errespetatzen dugu, eta lanean jarraituko dugu Amurrioko jai-guneak guztionak izan daitezen", adierazi du bukatzeko Molinuevok.