Amurrioko txosna solidarioaren bultzatzaileek azaldu dute aurten 4.561 euro eskuratu dituztela eta perthes gaixotasuna duten senideen elkartera bideratu dutela dirua.
Egitasmoa herriko kirol elkarteek antolatzen dute eta Axier Vivanco Amurrio Trail taldeko kideak aipatu du beste urte batzuetan baino emaitza ekonomiko txikiagoa lortuta ere (iaz 5.157 euro izan ziren), ekimenaren alde oso garrantzitsua dela gaixotasun arraroei ematen dieten ikusgarritasuna: "Jende asko hurbildu da txosnara eta galdetu du perthes gaitzari buruz eta horri esker azaldu diegu jende gazteari eragiten diola bereziki".
Hiru egunetan egon zen irekita txosna; abuztuaren 12an, 14an eta 16an. Berez, Amurrio Trailek hartzen du bere gain, gehienbat, antolakuntzaren zama, baina herriko gainerako kirol taldeen ardura da txandak betetzea (Kuskumendi, Amurrio Club, Txirrindularitza Elkartea, Oinkariak, Ezina Ekinez Egina, Zaraobe Saskibaloi Taldea, Giltzarrapo, Pilotazale Elkartea, Amurrio Patin Kluba, Gorobel Kirol Gunea...). "Elkarte bakoitzak sei edo zazpi lagun jartzen ditu txanda bakoitzeko", argitu du Vivancok.
Babio Igoera
Txosna solidarioa ez da helburu berarekin Amurrion antolatzen duten elkartasun ekintza bakarra. Hain zuzen, Gabonetan Babio Igoera prestatzen dute. Kasu horretan ere, gaixotasun arraroen ikerketa finantzatzeko baliatzen dute bildutako dirua.
Gauzak horrela, Amurrio Trailek laster ekingo dio ekimen horren aurtengo edizioa prestaketari. Lehenik eta behin, zein elkarte babestu erabaki beharko dute. "Jadanik bost elkarte jarri dira gurekin harremanetan eta deliberazio zaila da, guztiek behar dutelako laguntza eta ikusgarritasuna. Erabiltzen dugun irizpideetako bat da Amurrioko kideren bat izatea taldeak", gaineratu du Vivancok.