Kirol zentroetan euskara sustatzeko kanpaina jarri du abian Amurrioko Udalak, hasi berri den 2025-2026 ikasturterako. Gauzak horrela, euskarazko kirol eskolak eskainiko dira irailaren 15etik aurrera.
Atzo egin zuten dinamikaren aurkezpena, eta bertan izan ziren egitasmoan parte hartuko duten udalerriko kirol zentroak: Bañueta Udal Kiroldegia, Gorobel Crossfit, Chock Dee Gym eta Meyiro Sport. Bertako hezitzaile eta entrenatzaileek Ahize-AEK hizkuntza -aholkularitzaren laguntza jasoko dute kirol-jarduna euskaraz gauzatu ahal izateko. Kirol-irakasleek formazio linguistikoa jasoko dute, hiztegi tekniko batekin batera.
Kirol zentroetan euskarazko eskolak jasoko dituzten erabiltzaileek pizgarriak jasoko dituzte dinamikarekin bat egiteagatik. Bezero bakoitzak kirola egiteko kamiseta teknikoa, kirol-hiztegia eta gorputz atal nagusien izenak euskaraz jasotzen dituen esku-orria jasoko ditu. Gainera, kirol-zentroaren arabera bestelako pizgarriak ere izango ditu eskura, jarduerak euskaraz egiteagatik.
"Amurrioko Udalak bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera nabarmendu nahi du, baita kirolean ere. Proiektu honen bidez, herritarrei hainbat jarduera euskaraz egiteko aukera eskaintzen diegu, normalizazioa sustatuz eta hizkuntza herriko txoko guztietara hurbilduz", nabarmendu du Arantzazu Saratxaga Udaleko Euskara zinegotziak.
Lau kirol-zentrotan euskaraz
Aipatu bezala, Bañueta Udal Kiroldegia, Gorobel Crossfit, Chock Dee Gym eta Meyiro Sport dira euskara sustatzeko kanpainara batu diren kirol-zentroak. Zentro bakoitzak eskaintza berezitua aurkeztu du, baita erabiltzaileak euskarazko klaseetara animatzeko zenbait pizgarri ere.
Gorobel Crossfit-ek astero euskarazko klase bat eskainiko du eta klase horretan parte hartzen dutenek bost klaseko bonua jasoko dute irailetik abendura jardunarekin jarraitzeko. Interesa duen orok 667 521 542 telefonoan edo info@gorobelgara.com helbide elektronikoan eman dezake izena.
Mugendoa eta defentsarako arte-martzialak lantzen dituen Meyiro Sport eskolak, haurrei zuzendutako euskarazko saio bat eskainiko du astero. Astelehen, astearte edo ostegunean izango da eskola hori, 17:30etatik 19:30etara, eskariaren arabera. Izena emateko bi bide jarri dituzte eskura, 945393214 telefonoa edo meyiro@mugendoeuskadi.com. helbide elektronikoa.
Chock Dee Gym gimnasioak bi jarduerarekin egin du bat Udalaren egitasmoarekin. Asteazkenetan boxeo eskolak eskainiko ditu euskaraz, 17:00etatik 18:00etara. Astearte eta ostegunetan, aldiz, haurrentzako kick-boxinga eskainiko dute, ordutegi berdinean.
Euskarazko eskola hauetara batuko diren lehenengo 20 bezeroek hainbat pizgarri jasoko dituzte: Boxeo eskolara doazenek eskularru parea, aho babesa eta bendak jasoko dituzte; Kick-boxinga egingo duten haurrek, aldiz, zango-babesak, aho babesa eta eskularruak jasoko dituzte. Izen emateko 637 211 093 telefonora deitu beharko dute interesdunek.
Azkenik, Bañueta Udal Kiroldegian hiru dira euskaraz eskaintzen diren haurrentzako eskolak: igeriketa, padela eta dantza garaikidea. Ikasturte berrian, ordea, eskaintza hori handitu egingo dute helduentzako jarduerak ere euskaraz eskainita.
Hain zuzen ere, hauek dira euskaraz eskainiko dituzten helduentzako eskola berriak: Cross-traininga astearte eta ostegunetan, eta pilates astearte eta ostegunetan ere. Izena emateko 945 39 36 42 telefonora deitzea edo info@banuetakiroldegia.eus helbidera idaztea besterik ez dago.