Amurrio Clubak salaketa ofiziala eta publikoa egin du bart Basarte futbol zelaian izandako gertakariengatik. Izan ere, ezezagunak kirol azpiegituretan sartu ziren eta lau hormetan margoketak egin zituzten.
Ekintza horren bitartez lehen taldeko entrenatzailearen aurkako mezuak utzi dituzte. Klubaren zuzendaritzak azaldu duenez, margoketa gehienek harremana dute entrenatzailearen lanarekin, ertzaina delako. "Zipaio" edota "Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar" hitzak idatzi dituzte, baina irain homofoboren bat ere egin dute.
Amurrio Clubak argitu du ez dakitela nortzuk diren egileak, baina babesa adierazi nahi izan diote entrenatzaileari.
Kirol erakundearen ohar ofizialean azpimarratu dute ez dutela onartuko gorroto edo diskriminazio mezurik eta erantsi dute epaitegian salaketa egin dutela arduradunak nortzuk diren azaleratzeko.