Zer nolako harrera izan du Jone, batzuetan estreinaldiko lehen egunetan?
Oso ona. Hasieratik iritziak oso onak izan dira eta maitasun handiarekin hartu dute kritikak zein ikusleek. Oso pozik egon gara Malagan estreinatu zenetik. Alde horretatik oso pozik ibili gara eta konfiantza eman digu.
Gero egia da sarrerekin bildutako dirua ondo egon dela, filma oso txikia eta herrikoia izan arren. Asteburu honetan Espainiako Estatuko Top 10ean sartu da eta hori ez genuen inondik inora espero. Ezustea izan da. Hortaz, momentuz, oso oso pozik gaude.
Hain proiektu xumeak harrera hain beroa izatea espero zenuten?
Filma ez da egin helburu ekonomiko hutsekin. Ekonomikoki ondo badoa, ba bikain, baina pelikula egin dugu Sara Fantovan konfiantza handia dugulako, bai hemen Amania Filmsekook zein Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunyak.
"Filma ez dugu egin helburu ekonomiko hutsekin, baizik eta Sara Fantova zuzendaria zinema industrian ezagutu dezaten. Konfiantza handia diogu"
Ez geneukan diru asko biltzeko edo Top 10ean egoteko helburua. Xedea zen lortzea komertzialki estreinatzea. Hori lortu dugu EITB eta TVEri esker. Biak sartu ziren proiektuan behin filma eginda zegoela. Hortaz, baliabide oso xumeak izan ditugu estreinaldi komertziala egiteko. Promozioa, kopiak eta komunikazioa egiteko dirua oso gutxi da edozein filme komertzialekin alderatuta. Horregatik, hain zuzen, ez genuen espero harrera hain ona.
Are gehiago, ikusleak sumatuko du ez duela inolako kontzesiorik egiten komertzialagoa izateko: euskaraz eginda, opera prima da, antzezle profesionalik ez, salbu Josean Bengoetxea… Gure helburu nagusia izan da zinema industriak Sara Fantova zuzendaria ezagutzea. Helburuak gainditu ditugu eta pozik gaude.
Eta artistikoki?
Artistikoki oso pozik egon gara beti, baina ez emaitzarekin, subjektiboa delako. Guk oso gogoko dugu filma, izugarri sentitzen dugu, barrutik atera den filma da, baina pozik gaude, gehienbat, izan dugun askatasunagatik.
"Ikusleak sumatuko du pelikulak ez duela inolako kontzesiorik egiten komertzialagoa izateko: euskaraz eginda, opera prima da, antzezle profesionalik ez Josean Bengoetxea salbu…"
Pelikula oso modu berezian egin da, ez da ekoizpen oso ortodoxoa egin den moduan. Horrelako askatasunarekin lan egiteak suposatzen du baliabide gutxi izatea, baina aurrekontu handia duen filmetan jende askok ematen du bere iritzia eta Jone, batzuetan pelikulan Sarak egin du nahi izan duena.
Poztasuna izan da inguru hau sortzea eta askatasunez egitea. Ez da arrunta zineman.
Askatasun eta baliabide urri horien ondorioz, kalean grabatu duzue filma, Bilboko Konpartsen laguntzarekin… Modu komunitarioan sortu duzue. Nolakoa izan da horrela aritzea, bereziki txosnetan eta txupinazoan?
Baliabide handirik ez geneukan neurrian, aurrera ateratzeko laguntza eskatu genien Kaskagorri eta Kranba konpartsei, auzo elkarteei… Era komunitarioan egin dugula esaten dugunean, bada logistikoki oso aukera murritzak genituelako eta nahitaez kolektibitatearen, konpartsen eta Bilboko auzo elkarteen laguntza behar genuelako. Hori gabe filma egitea ezinezkoa izango litzateke.
"Baliabide handirik ez geneukan neurrian, aurrera ateratzeko laguntza eskatu genien Kaskagorri eta Kranba konpartsei, auzo elkarteei…"
Behin eurak kutsatu zirenean filmarekin, nahiko erraza izan zen jaietan filmatzea. Egia da erokeria dela logistikoki eta kanpotik ikusita ez zirudien errodaje arrunta, baina jai herrikoien inguruko eragileen artean kontzientzia handia zegoen eta horrek izugarri erraztu zituen gauzak.
Baina txupinazoa eta Aiora Renteria Zea Mayseko taldekidearen pregoia zuzenean grabatu zenituzten eta horrek suposatzen zuen jende askorekin egitea inguruan.
Lehenik eta behin, gure jendea askoz lehenago bidali genuen tokia hartzera. Kaskagorriko jendeak ere bazekien guk grabatu nahi genuela. Hori nahiko sinplea izan zen. Aurretik joan eta tokia hartu, baina egia da txupinazoa ezin dela berregin. Hiru milioi euroko aurrekontu batekin ere oso zaila izango litzateke txupinazoa berriro egitea. Alegia, txupinazoan sentitzen diren emozioak berriro sortzea ezinezkoa da.
"Momentu guztiz ikonikoa filmatu genuen jakin gabe Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariak Bilboko jaien pregoia irakurri zuenean. Inprobisazioaren emaitza da."
Horregatik joan ginen grabatzera zer gertatuko zen jakin gabe. Guk ez genekien zer esango zuen Aiorak, bat-batean abestuko zuela… Momentu guztiz ikonikoa filmatu genuen jakin gabe. Inprobisazioaren emaitza da. Horiek dira film honen mirari txikiak. Sekuentzia hori mirari hutsa izan da. Pentsa ezazu beste batek irakurtzea pregoia... baina Aiora Renteriak egin zuen eta hasi zen abesten. Agertzen diren antzezleen emozioak benetakoak dira, eurek ez zekiten hori gertatuko zenik.
Film txikia egiteak desabantailak ditu, baina askatasuna ematen du horrelako uneak jasotzeko.
80 minutu inguru irauten du pelikulak, eta gaur egun film gehienek bi orduko iraupena dute. Kontrako norabidean joan zarete?
Egia da joera dela zinema aretoko estreinaldiek gutxienez bi ordu irautea. Badirudi ordu eta erdikoak film labur luzatuak direla. Gure kasuan uste dut 90 minutuko film kanonikoa egiteko aukera genuela, baina egin genuen Sarak nahi zuena eta uste genuen sintesi lana gauzatuta, emozionalki hobeto geratuko zela. Elkarrizketa eta kontenplazio sekuentzia gehiago txertatu ahal genituen, baina film oso zuzena nahi genuen. Erabaki artistikoa izan da, eta ez da aurrekontuaren arazoa izan. Behin grabatuta, metrajea sartu ahal genuen, baina konturatu ginen hobeto funtzionatzen zuela horrela.
Aurrekontu handiarekin eta banatzaile handi batekin edo plataforma batekin presioak egongo lirateke luzatzeko, baina independentzia eta askatasunez egin dugu.
"Filman egia sentitzen da kutsu autobiografiko handia duelako, baina baita benetako jendea delako, bere arroparekin"
Gainera, uste dut, jendeak eskertu duela, zinema jaialdietan bereziki.
Aipatutako komunitate izaera horrek erraztu du pelikulak transmititzen duen naturaltasuna nesken arteko harreman erromantikoa, gaixotasuna edota haurtzaroa islatzeko orduan?
Nik uste dut taldearen tamaina baino, Sararen intuizioak eta antzezleak zuzentzeko moduak lortu dutela. Meritu osoa berari eman behar diogu. Egin genuen castinga, baina aktore profesionalik gabe, kaleko jendearekin egin genuen. Esaterako, Olaia Aguayo kontzertu batean aurkitu zuen casting zuzendariak. Elorri, ahizpa txikia, Sararen udalekuetako begirale baten alaba da.
Filman egia sentitzen da kutsu autobiografiko handia duelako, baina baita benetako jendea delako, bere arroparekin.
Edonola ere, horrez gain, Sarak ez die antzezleei gidoi bat eman. Egoerak azaldu zizkien, zer gertatuko zen eta nola sentituko ziren eta zer esango zuten landu zuten, jolas baten moduan. Aktoreak ez ziren joaten elkarrizketak buruz jakinda. Sararen apustua izan da eta berak daukan trebeziaren emaitza.
Antzezleak ez dira profesionalak, baina oso ondo egiten dute. Olaia Aguayok bikain egiten du eta Elorri Arrizabalagak pantaila betetzen du. Sararen lorpena izan da?
Guztiz. Egia da film arrunt batean, bi ekoizle eta banatzaile batekin, Sararen gainean egongo lirateke antzezle profesionalak kontratatzeko. Baina, behin askatasun hori izanda, Sararen eskua asko nabaritzen da antzezle lanetan.
Aiora Renteriaren pregoia aipatu duzu, baina Marijaiaren erreketan egin zuen hitzartzea badirudi Sara Fantovak idatzi zuela.
Bai. Ez badakizu ezer filmari buruz eta ez badakizu zein baldintzatan grabatu zen, pentsatu dezakezu gidoia dela. Protagonistaren bizitzari egiten baitio, nolabait, erreferentzia. Baina ez, kasualitate izugarria izan zen eta horrelakoa izan zen.
"Aiora eta Zea Maysekin jarri gara harremanetan baimena eskatzeko eta bere hitzak eta abestia sartzeko pelikulan. Nik uste dut pozik dagoela, bere bizitzako momentu ikonikoak jaso ditugulako, bai pregoia zein jaien amaiera, eta pelikula batean sartu direlako"
Txupinazoan une ikonikoa sortu zen eta amaiera oso emozioanala eta polita agertu zen, baina kasualitatez. Guk ez genekien zer esango zuen Aiorak.
Eta zein aurpegi jarri zenuten?
Imajinatu. Sara kamara atzean zegoen eta begiak oso irekirik biratu zen eta mundu guztiari begira geratu zen. “Entzuten ari zarete?”. Izugarria izan zen.
Planifikazio milimetratua ez izateak horrelako uneak sortu ditu. Gero Aiora eta Zea Maysekin jarri gara harremanetan baimena eskatzeko eta bere hitzak eta abestia sartzeko pelikulan. Nik uste dut pozik dagoela, bere bizitzako momentu ikonikoak jaso ditugulako, bai pregoia zein jaien amaiera, eta pelikula batean sartu direlako. Win-win, esaten dela.
Musika aipatzen duzula, musika ia guztia tokikoa da eta talde gehienak ez dira bereziki ezagunak, Kosmai Kosin, adibidez. Nola egin duzue?
Kasu batzuetan abestiak filman sartu ziren eta Sarak erabaki zuen oso egokiak zirela pelikularako. Adibidez, kalejirako sekuentzian Gatiburen abestia kantatzen dute eta hori entzutean Sarak pentsatu zuen pasarte hori oso ondo egokituko zela protagonistaren egoera emozionalarekin.
Gainera, Euskal Herriko biztanlea bazara, une hori bizi izan duzu ziurrenik zure haurtzaroan edo nerabezaroan abesti berarekin. Sarak erabaki zuen une hori geratuko zela filmean.
"Abesti batzuk grabaketan sartu ziren eta Sarak erabaki zuen uztea, egokiak zirelako protagonisten egoera emozionalerako"
Aparte bazegoen Sararen hautaketa lana; zein talde, zein abesti eta zein unean sartuko ziren filmean. Talde guztiak izugarri ondo portatu dira gurekin eta ez dugu inolako arazorik izan erabiltzeko, Aste Nagusiko abestia barne. EITBk ere Marijaiaren erreketaren irudiak eman dizkigu eta irratian entzuten diren zati batzuk.
Amaieran dago abesti original bakarra. La Dani malagarrarena da. Sararen laguna da eta gaztelaniazko reggaetoia sortu du propio. Erreferentzia egiten dio filmean dagoen elkarrizketa bati. Jende askok galdetzen digu zergatik sartu dugun abesti hori, baina filma baikortasunez amaitzeko modu bat da. Pelikula argitsua da.
Filmak funtzionatzen du hainbat mailatan: alde existentzialean gaixotasunarekin, sozialean konpartsekin, erromantikoan… Baina badago konpartsakideentzako keinu bat ere, Kaskagorri eta Kranbaren arteko iruzkinen batekin. Kafezaleentzako erreferentzia ere badago, hortaz.
Bai, zuk esaten duzun moduan, kafezaleentzako keinua da, bilbotarrei irribarrea sortzeko. Sara oso sartuta dago Kaskagorrin eta Kranba eta beste konpartsen laguna da. Hortik atera da keinu hori. Dena den, oso jende gutxi konturatzen da.