"Aiaraldean eragin nabarmena du minbiziak, baina biziraute tasa geroz eta handiagoa da"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 18a

"Aiaraldean eragin nabarmena 9 1758198859502
"Aiaraldean eragin nabarmena 1 1758198851187
"Aiaraldean eragin nabarmena 2 1758198852679
"Aiaraldean eragin nabarmena 3 1758198853769
"Aiaraldean eragin nabarmena 4 1758198854697
"Aiaraldean eragin nabarmena 5 1758198855714
"Aiaraldean eragin nabarmena 6 1758198856679
"Aiaraldean eragin nabarmena 7 1758198857645
"Aiaraldean eragin nabarmena 8 1758198858594

Urriaren 5ean egingo da Minbiziaren Aurkako Ibilaldia Amurrion. Gaur egin dute ekimenaren aurkezpena. 

Urriaren 5ean izango da Amurrioko Minbiziaren Aurkako Ibilaldiaren seigarren edizioa. Ohiko eskema jarraituko du ekimenak: parte hartzaileak 10:30ean abiatuko dira Juan Urrutia plazatik, eta zazpi kilometroko ibilbidea egingo, dute Olako, Nerbioiko Parke Linealaren hasiera, Abiaga eta El Refor zeharkatuta.

"Bidearen erdian hornidura-puntu bat egongo da, eta itzuleran pintxoak banatuko ditugu parte hartzaile guztien artean", azaldu dute gaur goizean Udaletxean eginiko aurkezpenean. 

Aurreraka emakume elkarteko kideek antolatzen dute ekimena, Amurrioko Udalaren eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntzarekin. Guztiek hartu dute hitza gaurko agerraldian. Txerra Molinuevo alkateak egin ditu aurkezpen lanak, eta ondoren mintzatu dira elkarteetako kideak. 

Minbiziaren eragina Aiaraldean nabarmena dela azaldu du Marta Fernandezek, iaz Araba osoan 2.200 kasu berri identifikatu zirela zehaztuta. Hala ere, baikortasun mezua zabaldu nahi izan du Minbiziaren Aurkako Elkarteko bozeramaileak, biziraute-tasa geroz eta handiagoa delako. Bide horretan, bi erronka nagusi aipatu ditu: jendea kontzientziatzea eta instituzio publikoak gaixotasunen ikerketan inplikatzea.

Fernandezek garrantzia eman dio mota honetako ekimenetan biltzen den diruari, elkarteak ikerlariei ematen dizkien bekak finantzatzeko balio duelako, besteak beste.

Horri lotuta, elkarteko kideak aipamen berezia egin die Amurrio Trail taldeko kideei, iazko Babioko igoera solidarioko dirua elkartera bideratzeagatik. 

Minbiziaren ikerketara bideratuko dute ibilaldiko izen emateekin biltzen duten dirua, besteak beste. 

Izen ematea

10 euroko diru ekarpena egin beharko da ibilaldian parte hartzeko, eta hainbat bide jarri dituzte inskripzioa osatzeko. Aurreraka elkartearen bulegoan egin ahalko da, Kultur Etxeko lehen solairuan dagoena. Irailaren 22, 24 eta 29an egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta baita urriaren 1ean ere, 18:00etatik 20:00etara. 

Horrez gain, emakume elkarteko kideak egongo dira biharko merkatuan eta igandeko Artzain Egunean izen ematea sustatzen. Gainera, Internet bidez ere egin daiteke inskripzioa, dirua Aurreraka elkartearen kontu korrontean sartuz eta ziurtagiria amaurreraka@gmail.com helbidera bidaliz. Dena den, egunean bertan ere eman ahalko da izena, 9:00etatik aurrera. 

Laguntza psikologiko eta sozialeko zerbitzua doan

Aurreko guztiari lotuta, Fernandezek gogorarazi du Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak laguntza psikologiko eta sozialeko zerbitzua eskaintzen duela Amurrion astelehenero Kultur Etxean, eta edozein pertsonak eskatu dezakela hitzordua 900 100 036 telefonoan edo alava@contrelcancer.es helbide elektronikoan, erabat doan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide