Javi Ugarte baranbioarra omenduko dute bihar (irailak 27, larunbata) bere sorterrian, eguerdiko hamabietan. Administrazio batzarrak antolatu du ekimena, Betagarri Herri Kirol Elkartearekin batera. Izan ere, herri kirolen esparruan nabarmendu zen Ugarte bere bizitzan zehar, eta hori goraipatu nahi dute.

Duela urtebete zendu zen Baranbioko bizilaguna, 2024ko irailaren 10ean, 74 urterekin, eta bere senideek sorpresaz zein pozaz hartu dute omenaldiaren berri. “Aita Baranbio goikoan jaio zen, baserriko berotasunean. Txikitatik basoarekiko erlazio berezi bat jorratu zuen, hamabi urterekin amak prestaturiko bazkaria, aitari mendian lanean zebilela eramaten zionean”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Euren hitzetan, Ugarte jada heldua zenean zaletu zen herri kiroletara. Sokatiran hasi zen, harri-probetan gero, txingetan lortu zituen lehen txapelak, eta tronzan zein aizkoran ere lortu zituen garaipenak.

Nabarmendu dutenez, baranbioarrak 13 txapela inguru lortu zituen bere ibilbide osoan zehar. “Aizkolari fina izan zen, materiala ondo aukeratu eta aizkora beti prest lanerako”, oroitu du bere familiak, eta nabarmendu dute kirolean ikasitako balioak bere seme-alabei transmititzen jakin izan zuela, bizitzako ikasgai moduan: “Esfortzua, gainditzea, erresistentzia, borroka, elkartasuna, taldearen garrantzia…”.

Nagusitzerakoan lehiatzeari utzi behar izan zion Ugartek, baina ez zen bere pasiotik urrundu, epaile moduan aritzen baitzen proba askotan. Bere bizitzako fase hori nabarmendu dute batez ere Betagarri Herri Kirol Elkarteko kideek, aizkorak edota trontzak zorroztu eta prestatzen zuen abilezia goraipatuta.
Hori guztia ekarri dute gogora biharko ekitaldian. Aurreratu dutenez, ekimen xumea izango da, baina nahi duen orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.

