Ehunka lagun Amurriotik martxan, minbiziaren aurka

Txabi Alvarado Bañares 2025eko urriaren 5a

Minbiziaren aurkako martxaren VI. edizioak ehunka lagun bildu ditu gaur goizean. 

Harrera zabala izan du beste urte batez Minbiziaren aurkako martxak Amurrion. Ehunka lagun bildu dira Amurrioko Juan Urrutia plazan 10:30ean. Bertan egon dira Aurreraka emakume elkarteko kideak, Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariak eta baita Udaleko kideak ere. Horrez gain, Nerea Melgosak ere parte hartu du ekimenean, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak. 

Hitzartze labur batzuekin, ohorezko aurreskuarekin eta Juan Antonio Alañaren adarraren doinuarekin abiatu dute martxa. Olako, Nerbioiko Parke Linealaren hasiera, Abiaga eta El Refor zeharkatu dituzte parte hartzaileek, plazan amaitzeko berriz. 

Martxa hau da minbiziaren aurka Amurrion egiten den ekintza jendetsuena, baina ez bakarra. Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak laguntza psikologiko eta sozialeko zerbitzua eskaintzen du astelehenero Kultur Etxean, eta edozein pertsonak eskatu dezake hitzordua 900 100 036 telefonoan edo alava@contrelcancer.es helbide elektronikoan, erabat doan.

Gainera, datorren urriaren 13an elkartearen jarduna ezagutzera emateko hitzaldia eskainiko dute arratsaldeko lauretan, toki berean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide