MARI CARMEN ETXEBARRIA SAUTUA

"Lehen arretan pazientea eta bere ingurua ezagutzera iristen zara, eta hobeto lagundu ahal duzu horrela"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko urriaren 6a

Azken 13 urteak igaro ditu Mari Carmen Etxebarria Sautua erizainak Amurrioko osasun zentroan. / Aiaraldea.eus

MARI CARMEN ETXEBARRIA SAUTUA (Orozko, 1960) 2012tik aritu da Amurrioko osasun zentroko lehen arretan erizain. Iragan ostiralean hartu zuen erretiroa, eta omenaldia jaso zuen anbulatorioaren sarreran lankide, senide, lagun eta herritarren partetik. 

Osasun zentroaren atean egin dizute agurra. Nola jaso duzu? Bazenuen horren berri?

Bai, jendea ezin zen isildu eta esan didate. Ez didate esan zehazki zer egongo zen, nire agurrera etorriko zirela baizik. Horregatik nekien zer edo zer zegoela. 

Eta ondo?

Bai, ederto, emozionatuta. Azken orduan larrialdi bat izan dugu, nire paziente batena. Ospitalera eraman dugu eta apur bat minduta atera naiz. Nire asmoa zen negarrik ez egitea, baina Luisma, nire gizona, ikusi dut dantzariz jantzita… ondo joan da, ez zait igartzen, ala?

Zein izan da zure bilakaera erizain moduan?

Gasteizen hasi nintzen beharrean. 1989an etorri nintzen Amurriora, 1991ra arte. Kontratua amaitu zitzaidan orduan, eta toki batetik bestera aritu nintzen: Bilbo, Gasteiz… alde batetik bestera. 2006ko oposaketetan atera nuen plaza, eta Gurutzetara joan nintzen, larrialdietara. 2010an itzuli nintzen lehen arretara, ni lehen arretakoa bainaiz, ez ospitalekoa, lehen arreta dut gogoko. 2012ko apirilean iritsi nintzen berriz Amurriora, gaur arte. 

Lehen arretan topatu duzu zure tokia. Zer du esparru horrek horrenbeste asetzen zaituena?

Pazientea ezagutzen duzu, eta bere ingurua: familia, duten bizimodua… dena. Hori da gehien gustatzen zaidana, hobeto lagundu ahal diezulako. Batzuetan datoz esanez tripako minak dituztela edo ezin dutela arnasa hartu, eta horren atzean zerbait dago, ez duena zertan gaixotasuna izan. 

Gaixotasunak diagnostikatu eta artatzetik harago doa zuen jarduna, beraz.

Noski. Batzuetan antsietatea izan daiteke, edo etxean zerbait gertatzen zaie… zuk pazientea ezagutzen baduzu agian atera ahal diozu. Hasten gara galdezka, berbetan… zu eta ni orain gauden bezala, eta batzuetan negarrez hasten dira. Orduan ikusten duzu ez datozela tentsioa hartzera, tentsioa aitzakia dela.

"Hasten gara galdezka, berbetan… zu eta ni orain gauden bezala, eta batzuetan negarrez hasten dira. Orduan ikusten duzu ez datozela tentsioa hartzera, tentsioa aitzakia dela"

Hori adinekoen artean ikusi duzu gehiago, edo kontu orokorragoa da?

Guztiekin. Gazteak gutxiago etortzen dira, baina 40 urtetik gora badatoz, eta edadetuak asko. Ama batek seme batekin bezala: “Laztana, ondo zaude? Bai, bai”, baina bere gorputzak ez dio hori. 

Asko aldatu da lehen arreta urte hauetan?

Bai, aldatu dira gauzak. Denbora falta zaigu, ez dugu denborarik harrera ona emateko. Jendea ere falta da, langile gehiago behar ditugu.

Orain, adibidez, ez dut tarterik izan etxeetan artatzen ditudan pazienteak agurtzeko. Gaur ibili naiz telefonoz deika, eta ez dut tarterik izan guztiak agurtzeko. Uste dut beste egun batean etorriko naizela. Jada ez naiz Carmen. Ni hemen Carmen izan naiz, eta etxean Mari Carmen. Gauzak hala, Mari Carmen moduan joango naiz agurtzera. 

Betidanik egon da langile eta denbora falta?

Uste dut txarrera goazela, ez dakit den ez dagoelako edo… jende gehiago behar da. Hamar minutu ditugu paziente bakoitzarentzat. Larrialdi bat badatorkizu dena atzeratzen da, eta jendea ordubete beranduago ikusten duzu. 

"Ez dugu denborarik harrera ona emateko. Jendea ere falta da, langile gehiago behar ditugu"

Zer sentsaziorekin hartuko duzu erretiroa?

Pozik, zer nahi duzu esatea. Jendeak gogoko izan nau eta nik jendea ere, konfiantza handia izan dut eurekin. Mediku aldaketa asko egon dira hemen 2012tik hona, eta ni itsasargi moduko bat izan naiz. Ona da paziente batek mediku edo erizain bera mantentzea urteetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide