Aztarna elkarteak laugarren aldiz antolatu ditu etnografia jardunaldiak eta gaur bertan hasiko dira. Jarduera guztiak doakoak dira.
Hitzorduak gaur, bihar eta etzi izango dira Katekesi aretoan 19:00etan eta lehenengo hitzaldia Maider Iglesiasena izango da. Herriko herpetologoak Sugeak lagun! solasaldia egingo du. Adituak desmuntatuko ditu narrasti horien inguruko hainbat aurreiritzi, jendeak eurak hiltzea eragiten dutenak. Iglesiasek azalduko du animali horien garrantzia ekosisteman eta zaintzeko beharra azpimarratuko du.
Jose Ramon Diaz de Duranak, bere aldetik, Aiarako Forua izango du hizpide Erdi Aroaren amaieran eta interesdunek garai horretako testuinguru sozial, politiko eta historikoan sakontzeko parada izango dute.
Azkenik, Jose Mari Gutierrez aiaraldearra otsoak ehizatzeko erabilitako eraikuntzen inguruan arituko da eta argituko du bere balio etnografikoa antzinako bizimodua ulertzeko eskualdean bertan.