Oraingoan bai. 2020ko edizioa bertan behera utzi ostean, Amurrion ospatuko da 2026ko Araba Euskaraz Jaia. Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak Arabako Ikastolen jai erraldoia herrian jasotzeko "ilusionatuta eta irrikaz" dagoela aldarrikatu du gaur goizean egindako aurkezpen ofizialean.
Hain zuzen ere, Aresketa Ikastolako dozenaka ikasle, irakasle, langile eta guraso elkartu dira gaur Amurrioko Guk eskulturaren aurrean Araba Euskaraz jaiaren irudia eta leloa jendaurrean aurkezteko. Haiekin batera Arabako gainerako Ikastoletako zuzendariak izan dira ere.
"Taupadak berpiztu!"
Datorren urtean bidelagun izango duten irudi eta leloa aurkeztu dute jendaurrean Aresketa Ikastolako kideek: "Taupadak berpiztu!". "Txinpartarako prest" zeudela adierazi zuten udan, eta bihotz baten erdira doan txinparta izango da Araba Euskaraz jaiaren irudia.
"Euskaldunok euskara daramagu bihotzean eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik burura eta mihira eramateko", azaldu du Itxaso Ugarte Ozaeta ikastolako zuzendariak, "hori egitera goaz, Amurriotik Araba osora bulkada handi bat ematera euskarari".
Urte osoko auzolana, ekainaren 14a mugarri
Ikasturte osoan antolatuko dituzte Araba Euskaraz jaiari lotutako ekintzak, Amurrion, Aiaraldean zein Gasteizen.
Ekainaren 14an izango da Arabako Ikastolen festa erraldoia, baina gaurdanik hilabetero antolatuko dute ekintza bat edo beste: pilota partidak, GO!azenen kontzertua, kantaren aurkezpena... Lehenengo geldialdia azaroaren 9an egingo dute, aurkezpen jai txiki bat prestatu baitute egun horretarako Amurrion bertan.
Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak hartuko du bere gain Araba Euskaraz jaiaren antolakuntzaren pisu handiena, Ikastolen mugimendua bidelagun izanda betiere. Amurrioarrak prest dira "auzolanean eta elkarlanean" ikasturte biziari ekiteko.