Estatu Batuetako ekoizpena aldi baterako eten du Tubos Reunidosek, Donald Trump presidenteak ezarritako muga zergen ondorioz. Multinazional aiaraldearrak fabrika bat du Houstonen (Texas). Bertan azken ukituak ematen dizkiete munduko beste lantegietatik eramandako hodiei, eta horregatik pairatzen dute Estatu Batuetako gobernuaren neurri ekonomikoa, %50ko errekargua dakarrena altzairuaren zein aluminioaren kasuan.
Enpresak esan du erabakia "zaila" izan dela, baina beharrezkotzat jo du bere "negozioaren bideragarritasuna eta baliabideen kudeaketa arduratsua" bermatzeko.
Bien bitartean, beste alternatiba batzuk aztertu nahi ditu enpresak, eta ziurtatu du merkatuaren baldintzek ahalbidetu bezain pronto ekingo diotela berriro lantegi horretan ekoizteari.