Amurrioko hainbat gazte ari dira hezitzaile ikastaroa egiten, Urtxintxa Eskolaren eskutik. Aisialdian eta hezkuntza ez-formalean haur eta nerabeekin aritzeko prestakuntzarako beharrezkoa den atal teorikoaz gain, landutako ikasketa horiek praktikara ere eraman behar dituzte ikastaroan, eta horren adibide izan ziren igandean herriko haurrentzat prestatutako jolas eta dinamikak.
Hezitzaileek azaldu dutenez, duela hilabete hasi ziren ekintza prestatzen, "parte-hartzaile guztientzat ahalik eta egokiena izan zedin". Gauzak hala, hainbat jarduera egin dituzte haurrekin, "haiek nolakoak diren aztertzeko eta haien artean nola moldatzen diren ikusteko".
Esperientzia positiboa izan da hezitzaileentzat, eta haien herriko neska-mutilei luzatu diete ikastaroa egiteko deia, esperientzia aberasgarria delako.