1,3 milioi eurotan adjudikatu ditu Aldundiak Amurrioko adinekoentzako foru egoitza handitu eta hobetzeko obrak

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 14a

Obrek eraikina hobetuko dute. / Arabako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak Construcciones Castellano SA enpresari adjudikatu dizkio obrak, eta sei hilabeteko epean egin beharko dituzte. Zehazki, 1.342.638 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Arabako Foru Aldundiak gaur onartu du Amurrioko nagusien egoitza handitzeko eta eraberritzeko esleipena. Aurreko lizitazioan ez zen enpresarik aurkeztu, baina honetan Construcciones Castellano SA konpainiaren proposamena izan da hautatua.

1.342.638 euroko aurrekontua izango du lanak egiteko, eta sei hilabeteko epea. Diru horren truke beheko solairua handituko beharko du hegoaldean, egongela-jangela zabalagoa izateko, eta sarbide nagusiaren ondoan espazio berri bat sortzeko, bisita gela izateko egungo beharrari erantzuteko. Gogoratu beharra dago eraikinak 39 erabiltzaile dituela.

Aldaketa gehiago beste solairuetan

Lanen ondorioz, zirkulazio eta komunikazio espazioak berrantolatuko dituzte, gelei erosotasun eta pribatutasun handiagoa emateko.

Halaber, sukaldearen eta egongela-jangelaren arteko zuzeneko lotura berreskuratuko dute, eta igarobide atari berri bat sortuko dute. Handitzen den zatiaren sabaiari esker terraza berria sortuko dute lehenengo solairuan.

Horrez gain, lekuz aldatu edo egokitu behar diren espazioak berrantolatuko dituzte. Esaterako, ile apaindegia eta podologia, errehabilitazio gela, bulegoa eta bilera gela.

Horiek guztiak beheko solairuan bateratuko dituzte. Gainera, igogailu hidraulikoaren ordez igogailu mekanikoa instalatuko dute, eta beheko solairuko komunak irisgarritasun araudira egokituko dira.

Azkenik, eraikinaren eraginkortasun termikoko baldintzak hobetuko dituzte. Guztira, 300 m2-tan handituko dute azalera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide