Asteburu bikaina izan du Mirari Gotxik Portugalen. Izan ere, iragan asteburuan bi aldiz igo zen podiumaren tokirik altuenera Melgaçon eta Vouzelan. Garaipenak, gainera, nagusitasunez eskuratu zituen. Txirrindulariak berak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez: "Larunbatean Melgaçon izan zen lasterketa eta azkarra izan zen zirkuitua lehor zegoelako. Lehenengo itzuli erdian bakarrik joatea lortu nuen eta lasterketan zehar indarrak ondo neurtu izan behar nituen igandean beste lasterketa bat neukalako".
Lehen proba horretan ia minutu osoko abantailako marka ezarri zuen Gotxik, baina hurrengo egunean ez zuen erritmoa murriztu. "Igandeko lasterketa Vouzelan izan zen, zirkuitu oso azkar batean ere. Berriro ere lehenengo itzuli erdian bakarrik joatea lortu nuen eta bigarren eta asteburuko azkenengo lasterketa izanda dena ematera atera nintzen eta lor nitzakeen UCI puntu guztiak lortu nituen", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari. Proba honetan nagusitasuna handiagoa izan zen, bigarrenak bi minutu geroago zeharkatu baitzuen helmuga.
Emaitzekin pozik
Aiaraldearra, nola ez, pozik dago Portugalen izandako parte hartzearekin, baina horrek ez du esan nahi berarentzat erraza izan denik: "Egia esan, ez nituen ezagutzen hango neskak. Hortaz, irteeran pixka bat urduri nengoen, ez nekielako zer gertatuko zen, baina banekien ondo prestatuta nengoela. Horrek lasaitasun puntu bat eman zidan".
Europako Ziklokros Txapelketa helburu
Mirari Gotxik aitortu duenez, Bertako Igogailuak taldearen ideia izan zen Portugalera joatea. Amurrioarrak argitu du bere taldearen xedea aurten badela Europako Ziklokros Txapelketan parte hartzea eta 60 puntu UCI eskuratzea. Emaitza horiek lagundu ahal diote Gotxiri azaroaren 8an Middelkerk belgikarrean izango den txapelketan aritzen.