Haserre atera da kalera Amurrioko Mugimendu Feminista, herrian jazotako eraso sexista salatzera

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 22a

Haserre atera da kalera Amur 4 1761129290585
Haserre atera da kalera Amur 1 1761129286600
Haserre atera da kalera Amur 2 1761129288775
Haserre atera da kalera Amur 3 1761129289333

Amurrion jazotako azken erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Amurrioko Emakumeon* Sareak deituta. Zarautzeko erailketa matxista ere deitoratu zuten mobilizazioan.

Amurrioko Emakumeon* Sareak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Juan Urrutia enparantzan, herrian jazotako azken eraso matxista salatzeko. Dozenaka lagunek egin zuten bat deialdiarekin.

Indarkeria sexualaren azken kasuaren aurrean, Mugimendu Feministak "mezu bikoitza" helarazi nahi izan zuen atzoko mobilizazioan. Alde batetik, elkartasuna eta babesa adierazi zioten erasoa jasan duen pertsonari, bai eta bere inguruari. "Bakarrik ez dagoela" eta herriko feministen "aliantza" duela aldarrikatu zuen Emakumeon* Sareak.

Bestetik, mezu argia bota zioten erasotzaileari, eta berau babestu duen testuinguruari: "Aurrean izango gaituzue". "Eraso bakoitzaren aurrean erantzuteko prest eta antolatuta gaude, eta gero eta gehiago gara gertakari hauek salatzeko urratsa ematen dugunok. Ez gara besoak gurutzatuta geratuko", adierazi zuten irakurritako salaketa oharrean.

Egungo "jarrera konplizeak" alboratzeko eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko neurriak mahaigainean jartzeko beharra defenditu zuen Mugimendu Feministak. "Autodefentsa feministarako" deia luzatu eta gisa horretako bizipenak jasan edo ezagutzen dituzten pertsonak Amurrioko Emakumeon* Sarearekin harremanetan jartzeko gonbita egin zuten: "Berriro diogu, ez zaudete bakarrik, ez gaude bakarrik!".

Sistematikoki jazotzen diren erasoen aurrean, posizionatzeko eta ardurak hartzeko beharra aldarrikatu zuten. "Konponbidea ez bazara arazoa zara. Aurrekoetan esan izan dugun bezala, denok dugulako erasotua izan den lagunen bat, baina inork ez dauka lagun erasotzailerik. Kontuek ez dute ematen".

Erailketa matxista Zarautzen

Aurretik Orozkon eta Aiaran egin bezala, urriaren 16an Zarautzen gertatutako erailketa matxista salatu zuten ere atzo arratsaldean Juan Urrutia plazan elkartutakoek. Gizonezko batek 47 urteko emakumea hil zuen; urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertatutako seigarren erailketa da.

"Emakumeok* emakume* izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak eta erabakiak behar ditugu, hemen eta orain. Erakundeei dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu eta haien pasibotasuna salatzen dugu", nabarmendu zuten feministek atzo arratsaldean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide