Brontzezko dominarekin itzuli ziren Aresketa klubeko kideak Euskadiko Gimnasia Erritmikoko Txapelketatik. Aroa, Naroa, Iratxe, Haizea eta Maddik osatzen duten gazte base taldeak podiumera igotzea lortu zuen bi paseren ostean.
Elisabet Anda entrenatzailearen hitzetan, lehenengo agerraldiak “akats txiki batzuk” izan zituzten uztaiarekin eginiko agerraldian, baina “energiarekin” heldu zioten bigarren txanpari, eta “ariketa bikaina” egitea lortu zuten horrela.
Marka horrekin, Espainiako Txapelketarako txartela lortu dute bost kirolariek. Azaroaren 22an jokatuko da norgehiagoka hori Castellonen.
Andak aipatu du hau dela maila horretan aurkeztu duen lehen taldea, eta “harro” dagoela eginiko lanarekin. “Hau ez da bidaiaren amaiera, oraindik lan gehiago egitea egokitzen zaigu Castellonen ariketa bikaina eskaintzeko”, nabarmendu du.