Amurrioko Udaleko Langile Batzordeak prentsa oharra zabaldu du salatzeko tokiko-gobernuak "bizkar eman diola" Arartekoari, "gobernantza txarra eta errespetu instituzional eza" agerian utziz.
Euskara-teknikariaren lanpostuaren ordezkapen prozesuan jasotako irregulartasunak medio jo zuen langileen ordezkaritzak Arartekora. Langile Batzordeak azaldutakoaren arabera, Amurrioko Udalak ez zuen lan-poltsen araudia errespetatu ordezkapena gauzatzerakoan. "Bertako lan-poltsak erabili ordez, beste administrazio batera jo zuen, zerbitzu juridikoek aldez aurretik eta idatziz, hori ezin zuela egin idatziz jakinarazi arren", azaldu du Langile Batzordeak.
Sindikatuek aurkeztutako errekurtsoari, ordea, isiltasun administratiboarekin erantzun zion Udalak, eta Arartekora jotzea erabaki zuten langileek, "erantzun eta errespetu instituzional ezaren aurrean, babes eske".
Arartekoaren erantzuna
Langileen ordezkariek jakinarazi dutenez Arartekoak berariaz luzatu dio ohartarazpena tokiko-gobernuari, arestian aipatutako ordezkapen irregularrak kaltetutako pertsonari kalte-ordaina emateko.
Amurrioko Udalak, kontrara, ohartarazpena ez betetzea ebatzi du. Horrela azaldu dio Ines Ibáñez de Maeztu jarduneko Arartekoak Langile Batzordeari igorritako gutunean. Ibañez de Maeztuk azaldu duenez, Udalak ez du Arartekoak egindako gomendioa bere osotasunean onartu. Izan ere, etorkizunean kontratazio-poltsen irizpideetan jasotako gomendioen barruan arituko dela zehaztu badu ere, uko egin dio kaltetutako langileari kalte-ordaina ordaintzeari.
"Gertakari larria" sindikatuen hitzetan
Amurrioko Udala "langile batzordearen eta Arartekoaren gainetik" kokatzen dela salatu dute udaletxean ordezkaritza duten sindikatuek, "mespretxu bikoitza" eginez. Langileen ordezkaritzak oso larritzat jo du EAJk eta PSE-EEk osatutako tokiko-gobernuaren jokabidea: "Tokiko gobernu batek horrela jokatzen duenean, ez gara lan-gatazka bati buruz bakarrik ari, baizik eta jokabide autoritario bati buruz, eta legitimitate demokratiko oro galdu duen kudeaketa-eredu bati buruz".
Arazoa Udalaren barne-eremutik harago, "kaltea herritar guztiengana" iristen dela adierazi du Langile Batzordeak. "Bere langileak errespetatzen ez dituen udal batek, udala bera ikuskatzen dituzten erakundeak ere errespetatzen ez dituen udal batek, ez ditu herritarrak errespetatzen", salatu dute komunikabideetara luzatutako oharrean.
Beharginen ordezkarien aburuz, "legearekiko errespetua, erakundeekiko eta pertsonekiko errespetua, ez da barne-kontu bat; zerbitzu publikoaren, etika demokratikoaren eta herritarren konfiantzaren oinarria da".
Horregatik guztiagatik gobernu taldeari eskatu diote Arartekoaren gomendioa bere osotasunean betetzeko, eta "alde batera uzteko autoritarismoan, opakutasunean eta mespretxu instituzionalean oinarritutako gobernatzeko modu hori".