Ondasun Higiezinen gaineko Zergen eguneraketa onartu du Amurrioko udalbatzak

Maider Ramirez Martin 2025eko azaroaren 3a

Amurrioko Udalbatzaren artxibo irudi bat, 2025erako aurrekontuak onartu zituztenekoa. / Aiaraldea.eus

Udal zerbitzu publikoekin lotutako hainbat tasetan eragina izango du aldaketak, hala nola hondakinen bilketa eta tratamenduan edo kultura programetan.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Ordenantza Fiskalaren moldaketa onartu du Amurrioko udalbatzak. Hain zuzen ere, %12,5 inguruko igoera aurreikusi dute, hobariak sortzen dituzten errenta tarteetan. 

Horrek esan nahi du Amurrioko herritar gehiagok eskuratu ahalko dituztela hobariak. Laguntza horiek zergen %99ra irits daitezke, errentaren eta bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera. “Egungo errealitate sozioekonomikora egokitzeko” urratsa dela adierazi du Udalak.

Tokiko erakundeak adierazi du udal zerbitzu publikoekin lotutako beste tasa batzuetan izango duela eragina neurriak, hala nola hondakinen bilketa eta tratamenduan, arte-eskoletan, gizarte- eta kultura-programetan edo adinekoentzako jantokian. Izan ere, esparru horiek errenta-maila berera lotuta daude askotan. 

EH Bilduk, bere aldetik, nabarmendu du Udal Gobernuak talde subiranistarekin hartutako konpromisoetako bat dela hau, indarrean dagoen aurrekontu akordioan jasotakoa. “Fiskalitate justuago eta progresiboago” baten aldeko urratsa dela aldarrikatu du oposizioko taldeak, eta nabarmendu du moldaketak ahalbidetzen duela errenta baxuenak dituzten herritarrak zerga igoerengatik ez zigortzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide