Ekainaren 14a irrikaz itxaroten ari da Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitatea, orduantxe ospatuko baitute Araba Euskaraz jaia, urte osoan auzolanean antolatzen ibili ostean.
Igande honetan bertan, egunaren aurkezpen festa egingo dute 12:00etan, Guk eskulturaren inguruetan. Kalaka egurrezko-jolasetan ibiltzeko aukera egongo da, eta DJ Titik jarriko du musika, eguerdia alaitzeko.
Gogoratu beharra dago Amurrion ospatuko zela 2020ko edizioa, eta bertan behera geratu zela COVID 19aren pandemia dela eta. Taupadak berpiztu! lelopean ospatuko dute oraingoan eta, aurreratu dutenez, igandekoa ez da izango hitzordu handia baino lehen egingo duten ekintza bakarra, hilabetero egongo baita zerbait: pilota partidak, GO!azenen kontzertua, edota kantaren aurkezpena, besteak beste.