Mendiko Eskolako jantokian soberan dagoen janaria herritarren eskura jarriko dute elkartasun vending makina baten bitartez astelehenetik aurrera

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 7a

Ikasleek ere prozesuan parte hartuko dute, gaurko aurkezpenean azaldu duten moduan. / Aiaraldea.eus

Mota horretako lehen egitasmoa izango da Araban. Mendiko Eskolak proposatutako egitasmoa da eta Amurrioko Udalak finantzatuko du. Residuos Cero Fundazioak teknologia eta sistema guztia ezarri du jadanik.

Astelehenetik aurrera egongo da funtzionamenduan Mendiko Eskolako sarreran dagoen elkartasun vending makina (Amurrioko Zero Zabor Hozkailua). Nahi dutenek janari tuperrak eskuratu ahal izango dituzte bertan, doan. Izan ere, ikastetxeko jantokian soberan dauden elikagai egokiak ontziratuko eta eskuragarri egongo dira.

Berez, ez dute edozein janari baliatuko eta tenperatura baldintza zorrotzak izango dituzte ontzien edukiek, bakteriak eta edozein arrisku ekiditeko. 64 gradutik behera egondako jakiak ez dituzte bideratuko eta makina baten bidez lau gradutara jaitsiko dute elikagaien tenperatura, bakterien agerpena ahalik eta gehien murrizteko.

Mendiko Eskolako proiektua

Elkartasun ekimena ez ezik, Rexcatering deituriko eskaintza honek 2030 Agendako helburuekin bat egiten du, soberakinak eta hondakinak ez sortzeko eta elikagaien xahuketa ekiditeko, CO2 isurketak ere murriztuta.

Ideia ikasleena izan zen eta ikastetxeko ama batek azaldu zuen Portugaleten Rexcatering proiektua zegoela. Amurrioko Udalaren finantzazioarekin, Fundación Residuos Cero Fundazioak bere teknologia eta jarduera ekarri du ikastetxera eta astelehenetik aurrera indarrean egongo da. Fundazioak aplikazioa eta teknologia prestatu du prozesu osoa kontrolpean izateko.

Amurriokoa lehen Rexcateringa izango da Araban. Bizkaiko, Gipuzkoako, Kataluniako eta Andorrako 44 ikastetxe eta adinekoen egoitzatan baliatzen da sistema hau jadanik.

Ikasleen parte hartze aktiboa

Mendiko Eskolako sukaldeko langileek elikagaiak ontziratuko badituzte ere (horretarako trebakuntza jaso dute), ikasleek eurek ere parte hartze erabakigarria izango dute. Euren esku egongo da tuperren etiketak jartzea (informazio guztiarekin: osagaiak, alergenoak, data, trazabilitatea...) eta motxila isotermikoetan makinara eramatea eta sartzea.

Proiektua etorkizunera begira ere sortu dute, gogoratu beharra baitago Mendiko Eskolaren aurrean nagusien eguneko egoitza irekiko dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide