Ostiralean elkarretaratze zaratatsua egin zuten Amurrioko udal langileek agerian uzteko 300 egun igaro direla eskaera formala egin zutenetik lan hitzarmena negoziatzeko. LAB, ELA eta ESAN sindikatuek oharra plazaratu dute eta salatu dute EAJ eta PSE-EEren gobernuak ez diela erantzun positiborik eman.
Langile erakundeek aipatu dute alkateak uztailean biltzea proposatu ziela bakarrik. Langile Batzordeak, sindikatu ororen parte hartzea ziurtatzeko, beste hiru egun ezberdin iradoki zituen, baina azkenean batzarra ez zen egin, udalburuak "agenda arazoak" argudiatuta. LABek, ELAk eta ESANek ziurtatu dute alkateak berak jarraian mezu elektronikoa bidali ziela langile guztiei komunikatzeko sindikatuek ez zutela berarekin batu nahi "oporretan zeudelako".
Beste eskaera bat erregistroan
Ikusita Udalak irailean deitutako bileran hitzarmenaren negoziazioa landu ez zela, langile erakundeek eskaera formal berria egin zuten irailaren 12an negoziazio mahaia abiatzeko.
"Legeak negoziazioa aktibatzeko eskaera erregistratzen den unetik, hilabete bateko epea ezartzen du hori martxan jartzeko (TREBEP 34.6 artikulua). Udaletako lan hitzarmenak ere (EUDELen negoziatzen den UDALHITZ hitzarmena), Komiteari eskubidea aitortzen dio: bileren maiztasuna ezartzeko (155. art), bilerak deitzeko (159.2), gaiordenean puntuak sartzeko (156. art) eta langileen lan baldintzak negoziatzeko (162. art). Bada, Amurrioko alkatea EUDELeko exekutibako kidea izan arren, erakunde horrek udal guztietarako onartuta duen UDALHITZ hitzarmenaren gainetik dago, baita estatu mailako funtzionario guztien lan baldintzen estatutua arautzen duen TREBEParen gainetik ere", argudiatu dute LABek, ELAk eta ESANek.
"Diskriminazioa" langileen gehiengoari
Hala eta guztiz ere, sindikatuen akusazio gogorrenak oharraren amaieran topa daitezke. Hain zuzen, EAJ eta PSE-EEri honakoa leporatu diete: "eurek alde bakarrez hautatutako langile gutxi batzuen lan-baldintzak hobetu dituzte (15/85 langileri soldata %20 igo die), langileen gehiengoa alboratuta, eta erabateko diskriminazioa zein giro txarra sortuta".
Horren aurrean, Langile Batzordeak bere zilegitasuna aldarrikatu du: "Komiteak, udal langileen %74k sinatutako negoziazio gaiak planteatu ditu Negoziazio Mahaian. Beraz, Komitearen aurka egiteaz gain, ia plantilla osoaren aurka egiten ari da ere".