Larunbatean Belgikan, Middelkerke hirian, erronka garrantzitsua izan zuen Mirari Gotxi txirrindulariak, Europako Ziklo-kros Txapelketan parte hartu baitzuen junior kategorian.
Emaitzaren aldetik, 21. postua eskuratu zuen eta esperientziari dagokionez, oso aberasgarria izan zen lasterketa. Izan ere, ezohiko elementu batekin topo egin zuen amurrioarrak, zati asko harezkoak baitziren. Testuinguru horretara ez dago ohituta Gotxi eta, gainera, erorketa izan zuen probaren hasieran.
Horregatik, hain zuzen, atzean geratu zen lehenengo itzulietan, baina apurka-apurka aurrera egitea lortu zuen. Azkenean, Barbora Bukovska lehen sailkatuak baino 3 minutu eta 50 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea betetzeko.
Txirrindularia pozik itzuli da eta balioan jarri du kontinenteko onenekin lehiatzeko aukera izatea.