Kultur sorkuntza Aiaraldean

"New Yorkek zure lana aldatzen du, zuk nahi edo ez; inspirazio amaigabea da"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko azaroaren 28a

New Yorkeko kultur mugimendua gertutik ezagutzeko aukera izan du Ainhoa De Muguruzak.

AINHOA DE MUGURUZA (Amurrio, 2001) New Yorken bizi da, eta bertatik garatzen ari da Muggi Art proiektu artistikoa. Hiri horretan sortzaile izateaz eta bertako kultur giroaz mintzatu da.

Aiaraldekoa izanda, nola eta zergatik amaitu duzu New Yorken?

Istorio luzea da, baina nire bizitzan oso naturalki gertatu den prozesua izan da. Beti izan dut mundua ezagutzeko irrika; horregatik hasi nintzen gaztetatik hizkuntzak ikasten, nire buruari ate gehiago irekitzeko.

Unibertsitate garaia iritsi zenean ez nuen oso argi zer bide aukeratu, eta ingeniaritza probatzen hasi nintzen. Azkar konturatu nintzen ez zela nire lekua. COVID garaian guztia hankaz gora jarri zenean ingeniaritza utzi, maleta hartu eta Italiara joatea erabaki nuen. Han lan egin nuen eta, aldi berean, nire buruari denbora eman nion benetan zer nahi nuen pentsatzeko.

Bigarren aldiz unibertsitatera bueltatu nintzenean argi nuen artearekin lotutako zerbait egin behar nuela, eta Arte Ederrak hautatu nituen. Garai horretan nire orduko bikotearekin bidaiatzen hasi nintzen, eta munduak zenbat aukera eskaintzen zituen ikustean pentsatu genuen Estatu Batuetara salto egitea.

Horrela iritsi ginen Kaliforniara lehenbizi, gero Miamira eta azkenik New Yorkera. Hirira heldu bezain pronto jakin nuen ni hemen geratuko nintzela; energia berezi bat sentitzen da, eta sortzaile gisa, etxe moduan senti daitekeen lekuetako bat da.

"Hirira heldu bezain pronto jakin nuen ni hemen geratuko nintzela; energia berezi bat sentitzen da, eta sortzaile gisa, etxe moduan senti daitekeen lekuetako bat da"

Nolakoa da New Yorken bizitzea?

Oso ondo gogoratzen dut nire lehen eguna hirian: kaleak zarataz beteta, jendea etengabe mugitzen, koloreak, hizkuntza pila bat nahastuta… energia berezi eta gogor bat. New Yorkek mugiarazten zaitu nahitaez, nahiz eta nekatuta iritsi; hiria ez da inoiz gelditzen.

Aiaraldearekin alderatuta, hemen dena da azkarragoa, handiagoa eta biziagoa. Aiaraldean lasaitasuna eta erritmo mantsoa dira nagusi. New Yorken, berriz, hustle culture delakoa arnasten da: denek dute proiektu bat, helburu bat, deadline bat… eta zu ere erritmo horretara egokitzen zara ia konturatu gabe.

Horregatik esaten da askotan: “If you can make it in New York, you can make it anywhere” (New Yorken egin ahal baduzu, edozein tokitan egin dezakezu).

Hala ere, bada antzekotasun bat, askok horrela pentsatzen ez duten arren: jendeak hemen ere bere bizitza hobetzeko borroka egiten du, bakoitzak bere modura. Eta nahiz eta hiri erraldoia izan, komunitate-sentimendua ere badago. Askotan uste dugunaren kontrara, laguntza behar duzunean newyorktar batek beti emango dizu eskua. Pertsona ezezagunen artean ere elkartasun keinu txikiak agertzen dira egunero.

Sorkuntzan murgilduta aritzen zara, Muggi Art proiektuarekin. Noiz eta nola sortu zenuen ekimen hori?

Muggi Art ez da egun batetik bestera sortu; nire bizitzako etapa guztietan egon da forma batean edo bestean. Txikitatik aritu izan naiz etxeko hormetan marrazten, ilustrazioak sortzen, eta beti sentitu dut narratiba bisualekiko lotura.

16 urte nituenean sortu nuen “Muggi” izena eta horri lotutako lehenengo proiektutxoak: poltsa pertsonalizatuak, komisio txikiak… Irabazten nuen diru guztia berriro inbertitzen nuen: materialetan, diseinuetan edo bidaietan inspirazioa bilatzeko.

Denborarekin, proiektua garatu da: estilo propioa bilatu dut, nire hizkuntza artistikoa zorrozten ari naiz eta Aiaraldeko sormenetik New Yorkeko eszenara salto egin dut. Muggi beti izan da nire identitatearen parte, eta orain heldutasun eta anbizio gehiagorekin garatzen ari naiz.

"Denborarekin, proiektua garatu da: estilo propioa bilatu dut, nire hizkuntza artistikoa zorrozten ari naiz eta Aiaraldeko sormenetik New Yorkeko eszenara salto egin dut"

Ilustrazioa eta arropa dira baliatzen dituzun sorkuntza oinarrietako batzuk. Zertan zaude murgilduta uneotan?

Nire azkenaldiko ibilbideko une zirraragarrienetako bat Kidsuper Studios-ekin lanean hasi izana izan da. Kidsuper sortzaile-komunitate bat da: kaotikoa, energetikoa eta inspiragarria; elkarlana, ausardia eta proiektu esperimentalak dira eguneroko ogia. Hemen ametsak errealitate bihurtzen dira.

Kidsuper-en barruan proiektu askotan hartu dut parte eta erronka interesgarri eta handiak izan dira: 15 metroko eskultura bat sortu genuen erakusketarako, flying machine bat eraiki genuen, pintura-proiektuetan parte hartu dut (paintings eta muralen diseinua eta aplikazioa), Outlander aldizkariaren lehenengo editorialaren ekitaldian lan egin nuen… eta beste hainbat egitasmotan.

Kidsuper-ko esperientziak argi erakutsi dit zer den benetan sortzea: ez datza soilik talentuan edo estiloan, askotan ausardia da behar dena, aukerak hartzeko eta ideiak probatzeko. Proiektu bakoitzari irtenbide bat emateko moduak aurkitzen dira, eta horrek magia pixka bat sortzen du proiektuaren eta ikuslearen artean. Hemen ikasi dudan ikasgairik handiena da beti dagoela modua proiektu bati forma emateko, eta askotan irtenbide onenak talde-lanetik eta esperimentaziotik datozela.

Zer nolako eragina dauka New Yorken bizitzeak zure sorkuntza prozesuan?

New Yorkek zure lana aldatzen du, zuk nahi edo ez. Hemen bizitzeak ate gehiago irekitzen dizkizu, bai profesionalki bai mentalki. Hiria bera inspirazio amaigabea da: jendea, metroko momentu txikiak, kaosa, arkitektura, eszena artistikoa…

Aldi berean, alde ilun bat ere badu: hustle culture. Beti ematen du ez zarela nahikoa egiten ari, beti dago norbait gehiago lan egiten, hobeto, azkarrago… eta presio horrek neke handia eragiten du batzuetan.

Baina, era berean, presio horrek bultzatu egiten nau: nire sormen-prozesua bizkortu da, indartu da, eta orain gauzak egiteko modu askoz ausartagoa dut.

Nolakoa da New Yorkeko kultur giroa?

Kulturalki, New York munduko zentro bat da. Egunero dago zerbait, eta astebetez etxean geratzen bazara badirudi zerbait galdu duzula, literalki.  

Erakusketak, performanceak, street fashion-a, festak… Hiri honetan artea ez dago soilik museoetan; kaleak, estudioak, metroko pasabideak… dena bihurtzen da eszenatoki. Denak dira protagonista New Yorken.

Oso aberasgarria da sortzaile gisa, eta zure lana beste modu batean ikustera behartzen zaitu.

"Honakoa nahiko nuke: Muggi-ren bilduma propio bat garatzea, New Yorkeko erakusketa batean parte hartzea eta beste artista eta markekin kolaborazioak egitea"

Zer asmo dituzu epe ertain luzera begira zure bizitzari zein sorkuntza prozesuari dagokionez?

Epe ertainera, New Yorken jarraitu nahi dut, bai Kidsuperren ikasten eta parte hartzen, bai Muggi Art marka garatzen eta sendotzen.

Honakoa nahiko nuke: Muggi-ren bilduma propio bat garatzea, New Yorkeko erakusketa batean parte hartzea eta beste artista eta markekin kolaborazioak egitea.

Epe luzera, estudio propio bat edukitzea gustatuko litzaidake, eta nire lana nazioartean ezagutaraztea. Nire helburua argia da: sormena ez dadila inoiz gelditu, eta nire ahots artistikoa gero eta indartsuagoa bihurtzea!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide