Klima-aldaketaren aurkako kontzientziazioa modu dinamiko eta parte-hartzailean sustatzeko helburuz, ginkana digitalak sortu eta abian jarri ditu Garapen Jasangarriaren aldeko 2030erako Arabako Aliantzak. Amurrion igande honetan aukeztuko dute ekimena, 11:00etan, Juan Urrutia plazan.
Araban Zu Zero ekimenaren barruan kokatzen den proiektua da hau eta, hain zuzen, aisialdia, ikaskuntza eta inguruaren ezagutza uztartu nahi ditu. Horretarako bost kilometroko ibilbidetan sei erronka ezberdin planteatzen dituzten ginkanak sortu dituzte.
Sariak irabazteko aukera
Hasieratik bukaerara, ordu eta erdi inguruko iraupena du jolasak, eta aurkezpena igandean bada ere, edozein momentutan egin daiteke. Sei erronka interaktiboetako bakoitzean tokiko historia eta kultura modu ludikoan ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horretarako, hori bai, lekuan bertan egon beharko dute, eta bertan dauden QR kodeak eskaneatzean, galderei zein desafioei aurre egin beharko diete.
Familiei, gazteei, adinekoei eta, oro har, publiko zabal bati zuzendutako ekimena da. Yinkana edozein momentutan egin daiteke, eta erronka guztiak gainditzen dituztenek tokiko merkataritzarekin lotutako sariak irabazteko zozketan parte hartu ahal izango dute.
Klima-aldaketa gogoetagai
Ginkanako probak egin ahala herritarrek klima-aldaketaren inguruan hausnartzeko parada izango dute: kontsumo arduratsua, uraren erabilera egokia, biodibertsitatea zaintzea, baliabideen berrerabilpena edo energia berriztagarriak, besteak beste, izango baitira galdera eta jolasen ardatz nagusiak.
Ginkanak Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren Agenda 2030 Bonuek finantzatu dituzte, eta Garapen Iraunkorraren aldeko Arabako Aliantzako 13. GIHaren talde eragileak eta udalerri bakoitzeko udalek garatu dituzte.