Gaur gaueko 03:20ak aldera lapurreta jazo da Amurrioko herrigunean dagoen teknologia denda batean. Establezimenduaren arduradunak hedabide honi aipatu dionez, leiho bat hautsi eta barruan sartu dira. Alarmak berehala jo du eta kea ere sortu du.
Hala ere, lapurrek minutu bakarra eman dute barruan eta zuzenean sakelako garestienak eraman dituzte. Antza, 15 edo 20 gailu ostu dituzte joan baino lehen.
Ertzaintzak argitu du alarmaren oharra jaso dutela, baina heldu direnerako ez zegoela inor. Halaber, zehaztu dute oraindik ez dutela salaketa ofiziala jaso. Jabeak, bere aldetik, goiza eman du aseguru etxean eta adierazi diotenez, ez diote ezer ordainduko.